Hainbat hedabidek azaldu dutenez, Guardia Zibileko UCO unitateko agenteek Tubos Reunidoseko bulego nagusiak miatu dute Bilbon goizeko lehen ordutik 18:30ak arte, Espainiako Entzutegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailearen agindua jarraiki. Halaber, Amurrioko lantegian ere egon dira, baina minutu gutxi.
Aiaraldea Komunikabideak fabrikako langileekin hitz egin du eta horiek esan dute ez dutela aparteko ezer ikusi, baina aukera dagoela kalez jantzitako Guardia Zibilak bulegoetan egon izana: "Atezaintzan galdetu dugu eta erantzun digute ezin digutela ezer esan. Suposatzen dugu ezer gertatuko ez balitz, argituko zigutela".
Komunikabideek zabaldu dutenez, epailearen asmoa da ikertzea eta argitzea zein harreman izan zuten zenbait agintari sozialistak (Leire Lopez buru) SEPIk emandako 112 milioi euroko maileguan. Hau da, argitzea kide horiek erraztu zuten erakunde publikoak multinazionalari dirua bideratzea eta ea enpresak legez kontrako ordainketak egin zituen horregatik.
Hain zuzen, azken egunetan aspaldi agertutako informazioak argitaratu dituzte berriro hainbat hedabidek. Zehazki, zenbait hedabidek euren azaletan aipatu dute Vicente Fernandez Guerrero sozialista andaluziarra SEPIko presidente izan zela 2018 eta 2019 urteen artean eta 2025era arte izan zela Tubos Reunidoseko aholkularia.
Arratsaldean zenbait hedabidetan azaldu da Bilboko bulegoetako miaketa 18:30ean amaitu dela eta Amurrioko lantegikoak, aldiz, minutu batzuk baino ez omen dituela iraun.
Abenduan jadanik Antonio Piña Auzitegi Nazionaleko epaileak harreman eta kontratu horri buruzko informazioa eskatu zuen eta orain Pedrazek ikertu nahi du zein lotura izan zuten Tubos Reunidosek egindako 15 milioi euroko higiezinen salmentaren eta kide sozialistek osatutako ustezko ustelkeria sarearen artean. Alegia, hedabideek adierazi dute Guardia Zibilak argitu nahi duela salmenta horietako 10 milioi euro sarearen esku geratu ote ziren.
Horrez gain, antza, Vicente Fernandez Guerrerok Tubos Reunidosek SEPIrekin zuen zorraren ordainketa atzeratzeko egindako ustezko zenbait kudeaketa ere ikertzen ari da Guardia Zibila. Tubos Reunidoseko zuzendaritzako bi kideren parte hartzea ere iradoki dute komunikabideek.
Sindikatuen susmoak
Zenbait iturri sindikalek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari eurek susmoak zituztela Sestaoko altzairutegiaren salmentaren inguruan aurretik. Izan ere, aktiboen salmenta operazio hori ez zuten jarduera urte horren kontabilitatean jaso. Langile erakundeek leporatu zioten enpresari diru hori ez baliatzea eskuratutako maileguak eragindako zorra ordaintzera. Langile ordezkariek, berez, ez zekiten zehazki zertarako erabili zuten.
Leire Diazen oharren artean badago esaldi bat deigarria dena, Tubos Reunidoseko langile kopuruaren "murrizketa kritikoa" aipatzen baitu. Horrek esan nahiko luke zuzendaritzak aspaldi zuela pentsatuta hainbat behargin kaleratzea.
Leire Diazen oharrak
Komunikabideek zabaldu duten informazioaren artean Leire Diezen agendan agertutako zenbait ohar daude, zeinean Tubos Reunidosi buruzko ideia batzuk islatu zituen, enpresarekin bilera egin ondoren.
Ohar horiek konpainiaren ezaugarri kritikoei buruzkoak dira: Trumpek ezarritako muga zergak, hartzekodun pribatuen artean (Abanca eta Sabadell) funts putreek toki indartsuak hartu izana edota merkatu amerikarrekiko menpekotasuna.
Edonola ere, badago esaldi bat deigarria dena, langile kopuruaren "murrizketa kritikoa" aipatzen baitu. Horrek esan nahiko luke zuzendaritzak aspaldi zuela pentsatuta hainbat behargin kaleratzea.