Bi emakume kalean jazarriak izan dira azken astean Amurrion. Erasoak salatu eta mobilizazioa deitu du Emakumeon* Sareak biharko, arratsaldeko zazpietarako, Juan Urrutia plazan.
Kolektibo feministak egungo instituzioen pasibotasuna eta jendartaren konplizitatea salatu du: "Urtez urte, emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu".
Erasoen aurrean, "ardurak hartzeko eta posizionatzeko" eskatu dute, aurrekoetan baliatutako aldarri eta lemapean: "Konponbidea ez bazara arazoa zara. Aurrekoetan esan izan dugun bezala, denok dugulako erasotua izan den lagunen bat, baina inork ez dauka lagun erasotzailerik. Kontuek ez dute ematen".
Era berean, antolakuntza eta autodefentsa feminista aldarrikatu dituzte, eta horrelako erasoen berri izanez gero, mugimendu feministara jotzeko eskatu dute, "erantzun kolektiboak artikulatzeko prest" baitaude.