Duela egun eskas Espainiako eskuinari lotutako hainbat hedabidek (Vocento taldeak, esaterako) sekulako garrantzia eman zioten Vicente Fernandez Guerreroren harremanari Tubos Reunidosekin. Albistea, berez, ez zen albiste, abendutik jakina baitzen SEPIn ardura izandako PSOEko kide horrek multinazionalarentzat lan egin zuela, aipatutako erakundeak 112,8 milioi euroko mailegua eman ostean.
Halaber, abendutik publikoa zen Vicente Fernandez Guerrerok, Leire Diezek eta Antxon Alonsok Hirurok deituriko WhatsApp taldea zutela eta hori ustelkeria ekonomiko-politikoaren iturburua izan zitekela.
Zergatik berpiztu da informazio hori azken egunotan? Ez da zaila ikustea horren atzean eskuin politikoaren kanpaina dagoela Pedro Sanchezen gobernuaren kontra.
PPren erasoaldiak Pedro Sanchezen gobernuaren kontra bete-betean harrapatu du Tubos Reunidos
Bide batez, ezaguna zen baita ere Tubos Reunidosek 115.000 euro baino gehiago bideratu zizkiola Vicente Fernandez Guerrerori. Orduan, zergatik berpiztu da informazio hori azken egunotan? Ez da zaila ikustea horren atzean eskuin politikoaren kanpaina dagoela Pedro Sanchezen gobernuaren kontra.
Zapateroren auzia nahikoa ez denez izan hauteskunde berriak deitzeko, Leire Diezen kasuarekin berritu dituzte ahaleginak.
Alegia, PPk Kitchen eta polizia patriotikoaren epai harrigarriak dituen bitartean (Espainiar poliziak, zenbait politikarik eta kazetarik bitarteko publikoak baliatu baitzituzten euren etsai politikoen kontra, Podemosen aurka bereziki), eskuin espainiarrak Pedro Sanchezen ingurukoen kontra jo du (bere emaztea eta anaia barne) Gobernua berreskuratzeko asmoz, irekita dauden epaiketak baliatuta.
Tubos Reunidos: zuzendaritzaren defentsatik, lehoietara botatzera
Eskuinaren kanpaina horren lehen ironia, eskualdeari dagokionez, bada Tubos Reunidoseko greba bertan behera uzteko eta apurtzeko ahalegin handiena egin duen komunikazio taldea (Vocento) izaten ari dela ere mailu bortitzena PSOE, eta zeharka bada ere, enpresako zuzendaritzaren aurka.
Izan ere, ustelkeria esparru publikoan azaleratzen denean, beti azpimarratzen da kargu publikoen errua edo ardura, baina ia inoiz arazoaren benetako iturria, hau da, politikariak erosten dituzten enpresariak daudela.
Ustelkeria esparru publikoan azaleratzen denean, beti azpimarratzen da kargu publikoen errua edo ardura, baina ia inoiz arazoaren benetako iturria, hau da, politikariak erosten dituzten enpresariak daudela.
Esan bezala, Vocentok zein beste komunikabideak artilleria osoa ari dira bideratzen Leire Diez eta PSOEren inguruan ustelkeria oihana antolatu dutenen kontra, baina horretarako sakrifizio txiki bat egin behar izan dute. Izan ere, El Correok berak aipatu duenez, Tubos Reunidoseko bi arduradun daude gutxienez ustez ustelkeriaz zipriztinduta.
Ironikoa da Vocentok Tubos Reunidoseko zuzendaritza greban sutsuki defendatu ondoren, argitaratzea zuzendaritza horretako gutxienez bi kide daudela ustez ustelkeria delitutan inplikatuta.
Greba iraun bitartean, El Correok ikuspegi bakarra izan du Tubos Reunidosen inguruan; arazo bakarra greba zen eta lanuztea deitutako sindikatuak. Hitz bat bera ere ez dute idatzi ustelkeriari buruz eta are gutxiago zuzendaritzaren kudeaketa suizidaren inguruan.
Hori bai, greba amaitu eta haize politikoa aldatu bezain pronto, ustelkeriaren mamua atera dute armairutik, tokiko lan gatazka baino zabalagoa den kanpaina politiko batean.
Enpleguaren defentsa eta ustelkeriaren defentsa
Agerian geratu den beste ironia izan da Tubos Reunidoseko sindikatuek hamaika ahalegin egin dituztela enpleguaren defentsan eta zuzendaritzak abiatutako enplegua erregulatzeko espedientearen kontra eta ezer gutxi lortu dutela.
Ironikoa da Vocentok Tubos Reunidoseko zuzendaritza greban irmoki defendatu ondoren, argitaratzea zuzendaritza horretako gutxienez bi kide ustelkeria delitutan inplikatuta daudela.
Izan ere, esfortzu horien aurrean EAJ zein PSE-EEren jarrera izan da zuzendaritzaren kontra ezer ez esatea -ekonomikoki kontserbadoreak diren alderdien portaera koherentea da, eskualdeko beste hainbat gatazketan bezala, izan Tubacex edo Maderas de Llodio- eta bideragarritasuna modu abstraktuan aipatzea eta SEPIri zein Espainiako Gobernuari eskatzea metatutako zor publikoa barkatzea.
Aintzat hartu behar da zor osoaren jatorria zentzu bikoitzean dela ustez ustela. Alde batetik, hartzekodunen pribatuei eskatutako mailaguarekin ez zelako Condesa enpresa erosi 2008an, eta ez da argitu diru hori nora joan zen. Bestetik, SEPIren 112,8 milioiak, antza, legez kontrako bitartekoak erabilita lortu ziren.
Gauzak hala, SEPIren zorra barkatzeko ahaleginak ustelkeria legeztatzeko saiakera moduan interpretatu daitezke. Hau da, modu ez zilegian eskuratutako diru publikoa (guztiona) barkatzea multinazionala salbatzeko, baina, ironikoki berriro, enpleguak bermatu gabe, eta, aldiz, bai hartzekodun pribatuen interesen ordainketak.
EAJren ustezko konexioa, kanpainaren hurrengo urratsa?
Ironiekin jarraitzeko, sindikatuek eurek behin baino gehiagotan adierazi dute beste kezka bat: ea zein neurrian ez ote zen eurek egindako borroka zuzendaritzari azpijokoa jarraitzea izan. Beste hitz batzuetan, langileek gatazkaren larritasuna islatzen eta pairatzen zuten eta euren diru sarrerak murrizten zituzten bitartean, aukera bat zen Espainiako Gobernuak diru publikoaren zorra barkatzea kaleratzeak eragin nahi zituen zuzendaritzari.
Eta hemen dago beste ironia bat gehiago. Ustelkeria tamaina handikoa denean, Tubos Reunidosen bezala, gizarteko arlo gehiago inplikatzen ditu (langileak, erakunde publikoak, finantza entitateak...) eta, ondorioz, irteera erradikala eta argia ezinezkoa bilakatzen da, dena korapilatzen baita.
Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak zuzendaritzari emandako babesa (ados egon edo ez) ez litzateke ulertu behar ustelkeria sustatzeko modu bat bezala, baizik eta ustelkeriak sortutako arazoei irtenbide bat bilatzeko modua bezala. Hau da, ustelkeriaren kalteak hain urrun heldu eta gero, ahalik eta gehien mugatzeko saiakera izan daiteke Jaurlaritzarena (langileen lanpostuak bermatu gabe, hori bai).
Sintonia horretan ulertu beharra dago EAJk Irango gerrari lotutako legeen artean proposatu izana SEPIko zorra kentzea, arrakasta barik, hori bai.
Ustelkeriaren iturria enpresa handien buruak badira, benetako segurtasun lehentasuna jende hori kontrolatzean egon beharko litzateke, zigor eta mekanismo egokiak garatuta.
Eta hori aipatzea ez da ausazkoa. Izan ere, zenbait hedabidek aireratu dute Guardia Zibilak aipatu duela Santos Cerdanek EAJren kideren baten babesa eskatu zuela Tubos Reunidosen erreskatea desblokeatzeako.
Horren aurrean, aipatu beharra dago Euskal Herrian behin baino gehiagotan egiaztatu dela Guardia Zibila helburu politikoen tresna izan daitekela eta kasu honetan, gutxienez, arrazoizkoa izan daitekela susmoa mantentzea. Zergatik? Lehenik eta behin, ez delako zehaztu bitartekaritza jeltzale hori legezkoa edo legez kontrakoa den (legezkoa balitz ez litzateke arraroa EAJk euskal enpresa bat laguntzeko ahalegina egitea). Bestetik, informazio horrek ez du izen zehatzik aipatzen edo bere ardurak eta inplikazio maila. Beste hitz batzuetan, ikerketa fase horretan hipotesia hutsa baino ez da.
Are gehiago, hilabete bat igaro izana espekulazioa azalerazteko ezin da banatu timing politikotik. Hau da, Aitor Estebanek Pedro Sanchezi hauteskundeak aurreratzea eskatu zionean ez zen "datu" hori zabaldu, baina Imanol Pradalesek adierazi duenean EAJ erne dagoela PPk eta Voxek osatutako balizko gobernuaren aurrean, orduan bai, alderdi jeltzalearen ustezko inplikazioaren gaineko espekulazioa zabaldu da, kasualitatez.
Neurriak ahalik eta lasterren
Aipatutako korapiloaren aurrean, galdera da alderdi politikoek eta erakunde publikoek zerbait egin nahi ote duten horrelako egoerak ekiditeko.
Izan ere, irtenbidea aski erraza da, baina ez gizarte honen doktrinaren gustukoa. Alegia, ustelkeriaren iturria enpresa handien buruak badira, benetako segurtasun larrialdia eta lehentasuna jende hori kontrolatzean egon beharko litzateke, zigor eta mekanismo egokiak garatuta. Beste kasu batzuetarako akordioa posible izan da Espainiako Kongresuan, baina utzidazue azken ironiarako tartea: ez dut uste honetan adostasuna egongo denik PP, Vox, Junts eta EAJren artean.