"Erantzun kolektiboak artikulatzeko prest" azaldu da Amurrioko mugimendu feminista, bi emakumek pairatutako jazarpenaren aurrean

Erredakzioa 2026ko ekainaren 5a

"Egungo jarrera konplizeak" alboratzeko deia luzatu dute udaletxearen aurrean eginiko elkarretaratzean. 

Dozenaka lagun bildu dira Amurrioko Emakumeon* Sareak deitutako elkarretaratzean. Bi emakume herriko kaleetan jazarriak izan direla salatu dute bertan.

Indarkeria matxistak bizitzak baldintzatzen dituela gogorarazi dute protestan. Horren aurrean, "aske bizitzeko eskubidea" aldarrikatu dute, "zapalkuntza patriarkaletik kanpoko bizitza bizigarriak" nahi dituztela nabarmenduta. 

Horrez gain, ohartarazi dute indarkeria matxistak "hamaika aurpegi" dituela: "indarkeria matxista da emakumeon* diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez".

"Egungo instituzioen pasibotasuna" eta "jendartearen konplizitatea" ere jarri dituzte jo-puntuan, erasoek jarraitzearen eragileak direla argudiatuta. Horregatik, beste behin eskatu dute indarkeria matxista "lehen mailako arazo sozial eta politikotzat" hartua izatea. 

Bukatzeko, "autodefentsa feministarako deia" ere zabaldu dute, "erantzun kolektiboak artikulatzeko prest" daudela gaineratuta. Gauzak hala, mugimendu feministara jotzeko deia luzatu dute horrelako beste erasoen berri izanez gero.

Argazkiak: Amurrioko Emakumeon* Sarea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide