"Lan eta sakrifizioak egitearen beharra" aldarrikatu du Tubos Reunidoseko greba mugagabearen aurka azaldu zen Hitza da Bidea taldea

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko ekainaren 9a

Maiatzaren 7an lantegira martxa antolatu zuen Hitza da Bidea taldeak, greba mugagabearen aurka bozkatzeko asmoz. / Aiaraldea.eus

Tubos Reunidoseko greba mugagabea bertan behera uzteko asmoz Hitza da Bidea izenpean antolatu zen behargin taldeak oharra plazaratu du, enpresak bizi duen egoeraren aurrean "lan egitearen beharra" azpimarratuz. Halaber, "sakrifizioak" eskatu ditu.

Enpresa batzordeko gehiengo sindikalarekin kritikoa den langile taldeak, iragan maiatzaren 7ko asanblada eta bozketa antolatzeko sortutako Hitza da Bidea Telegram kanala baliatu du hausnarketa elkarbanatzeko.

Lan egitearen aldeko mezua

Alarma piztu du Hitza da Bidea taldeak, administrari konkurtsalak duela astebete iragarritakoaren kontra, "nominak ziurtatuta ez daudela" adieraziz.

Horren aurrean "egunero ekoitzi behar dela" aldarrikatu dute; "egunero eta txanda guztietan". Izan ere, Telegram kanalean zabaldutako oharrean azaldutakoaren arabera, azken bi hilabeteetan erabat hustu da enpresaren kutxa, "greba mugagabeak eragindako etenaren ondorioz".

Bajarik ez eta norberaren aukerako egunik ez

"Lan egitearen aldeko mezua" zabaldu dute kanal horretan, administrari konkurtsalari enpresaren aldeko konpromisoa erakutsi asmoz: "Fakturatu egin behar da dirua sortzeko. Bizirik iraun nahi dugula erakutsi behar dugu. Ez dago aldi baterako langilerik bajak betetzeko, ezta norberaren aukerako egunak betetzeko ere... Bezeroak eta hornitzaileak berreskuratu behar dira. Hartzekodunen konkurtsoan egoteak asko uxatu ditu".

Finean, langileei bajarik eta norberaren aukerako egunak ez hartzeko exijitu diete beharginei.

"Sakrifizioak egiteko unea"

"Grebak arazo guztiak konpontzeko balio ez duela" aldarrikatu dute gehiengo sindikalaren aurka agertu ziren langileek. Tubos Reunidosek bizi duen egoeraren aurrean "sakrifizioak" egitea ezinbestekotzat jo dute, enpresaren etorkizuna bermatu ahal izateko.

Izan ere, enpresa salgai dagoela azpimarratu dute, eta horrek eszenatokia erabat aldatzen du Hitza da Bidea taldearen atzean dauden langileen iritziz: "Erosle industrial bat behar dugu, ez funts-putre bat. Dirua sortzeko gai izatea da gure aurkezpen-txartelik onena. Hartzekodunen konkurtsoa ez da garaipen bat, ezta aukera bat ere, zorigaitza da. Konkurtsotik atera daiteke, baina ezer ez da berdina izango. Etorkizunean bizirik dirauena, guk lortu beharko dugu lan eginez".

Enpresaren disoluzioa oso gertu egon daitekeela ohartarazi dute. Pareko egoeran egon diren inguruko enpresetatik ikastearen beharra aldarrikatu dute hartzekodunen konkurtsoak sortutako egoera irauli ahal izateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide