Pasa den astean Guardia Zibilak Tubos Reunidoseko hainbat bulego miatu eta gero, El Mundok eta Vocento taldeko hedabideek, besteak beste, azaldu dute multinazionalari lotutako hiru lagun ari direla ikertzen.
Carlos Lopez de las Heras egungo CEOa da horietako bat, Jesus Perez Rodriguez-Urrutia Administrazio Kontseiluko kidea bigarrena eta Francisco Irazusta aurreko presidentea hirugarrena. Irazustak 2023an utzi zuen postua beste eskaintza bat onartzeko.
Zehazki, hirurei leporatzen diete influentzia-trafikoa, hedabideen arabera. Ustez, Francisco Irazustak 114.950 euro bideratu zizkion Santos Cerdan Diputatuari Mediaciones Martinez enpresaren bitartez, SEPIk multinazionalari emandako 112,8 milioi euroko mailegua errazteko.
Carlos Lopez de las Heras eta Jesus Perez Rodriguez-Urrutiaren kontrako akusazioa, aldiz, Santos Cerdanekin biltzea da, SEPIk atzeratu zezan maileguaren 10 milioi euroko ordainketa. Guardia Zibilak uste du 40.000 euro eman zizkiola enpresak Vicente Fernandezi, zeina konpainiaren aholkularia zen une horietan.