2026/06/26 - 2026/06/28 21:00

Jaia

Delikako jaiak

Delikako jaiak
Amurrio Delika

Ekaineko azken asteburuan ospatuko dira Delikako jaiak. Ostiral iluntzean hasiko da festa. 21:00etan piztuko dute lehen suziria, eta patata tortilla txapelketa egingo dute gero. Parte hartzaileek etxetik eraman beharko dute prestatuta, bertan aurkezteko. Ondoren, jai tematikoa egingo dute goizaldera arte, eta cowboy moduan mozorrotzeko deia luzatu dute.

Larunbatean, aldiz, goizean abiatuko dute egitaraua, mendi martxarekin. Zehaztu dutenez, hamarretan izango da irteera, eta 10 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute. Ordu erdi beranduago, aldiz, irteera familiarraren txanda izango da, hiru kilometroko luzera izango duena.

Ondoren, herri bazkaria egingo dute indarrak berreskuratzeko. Tiketek 14 euro balio dute eta toki hauetan eskuratu daitezke: El Infierno jatetxean, Gernika kafetegian, Artomañako Txokoan, Lupardika tabernan eta Amurrioko Kultur Etxean.

Tripa beteta, ez da atsedenik hartzeko tarte askorik egongo, Arrastariaren desafioa eta bigantxak egongo baitira arratsaldean. Gauean, aldiz, Zutik berbena eta DJ Varro arduratuko dira parranda girotzeaz.

Igandean, aldiz, giro lasaiagoa nagusituko da. Goizeko zortzietan jarri dute zita enparantza eta inguruak garbitzeko, mezari eta pintxo-poteari paso eman baino lehen. Arratsaldean, aldiz, zezen mekanikoa, puzgarriak eta txokolatada eskainiko dituzte, eta Eriz & Totum Revolutumen kontzertuarekin eta parrilladarekin emango diote amaiera egitarauari. 

Urduñako Udalak hiru urte daramatza doako autobusa antolatzen Delikatik itzultzeko, herritarrek larunbat gaua "nahi baino lehen amaitu behar ez izateko". Aurten bi irteera egingo dituzte Delikatik igandeko lehen orduan, 6:30ean lehena eta 7:30ean bigarrena. 16 urtetik gorako edozein herritarrek eman dezake izena zerbitzuan eta Alondegian egongo da horretarako aukera, ekainaren 25era arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide