Balorazio oso positiboa egiten ari dira Megatech enpresako sindikatuak gaur deitutako lanuzteari harira. Izan ere, goizeko lehen ordutik fabrika geldirik dago, aldi baterako laneko enpresen bitartez kontratatutako langileak soilik sartu baitira azpiegituran.
Piketeek ez diete inolako arazorik jarri behargin horiei goizeko txandan eta arratsaldekoan egoera errepikatu da. Azkenean, enpresak berak etxera bidali ditu aldi baterako enplegatuak, bakarrik eurekin ezin zuelako ekoizpena abiatu. Gauzak horrela, langile horiek gaurko soldata kobratuko dute.
Muturreko tenperatura beroen ondorioz, grebalariek piketea utziko dute 15:00etan eta 21:00etan itzuliko dira, gaueko txandara.
Gogoratu beharra dago gaur eta ostegunean 24 orduko lanuzteak deitu dituztela lan hitzarmen duina aldarrikatzeko.