Asteburuan Melillan egon da Nora Lopez Zaraobe Saskibaloi Taldeko kidea. Zehazki, Espainiako 3x3 Saskibaloi Txapelketa jokatu du eta emaitza positiboak lortu ditu, 19 talderen artean zazpigarren sailkatu baita Euskadiko Selekzioa.
Larunbatean hiru partida izan zituzten eta Aragoi eta Balear Uharteetako taldeei irabazi eta gero, final laurdenetan egoteko txartela eskuratu zuten.
Igandean lehiatu ziren kanporaketa horietan, baina ez zuten Asturias eta Madrilgo selekzioak gainditzerik izan. Horrez gain, hirugarren partidako aurkariak uko egin zion jokatzeari, taldeko zenbait kidek bero kolpeak pairatu ondoren.
Gauzak horrela, zazpigarren postua egokitu zitzaien Lopez eta bere hiru taldekideei.
Urte luzez oroitzeko moduko bizipena
Amurrioarrak oso balorazio positiboa egin du txapelketari buruz, eta aipatu du berak eta taldeak egindako lanarekin pozik dagoela. Horrez gain, nabarmendu du jokatzea, jende berria ezagutzea eta asko ikastea izan direla alde onenak: "Urte luzez oroituko ditut egun hauek eta espero dut horrek jokatzeko gogoak biderkatzea".