Iragan ekainaren 7an aurkeztu zuten jendaurrean Amurrioko Musikazale Elkartea. "Musikariak elkartu eta musika egiteko toki aproposa lortzea” du helburu honezkero ehundik gora artisten atxikimendua jaso duen taldeak.
Gaiaren inguruan galdetuta, elkarte sortu berriarekin harremana "positiboa" dela azaldu zuen Arantzazu Saratxaga Isla Amurrioko zinegotziak, Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean egindako elkarrizketan.
"Burubioko itxiera prozesuan ekin genion Musikazale Elkarteko kideekin bilerak egiteari. Guretzat oso pozgarria da ikustea zer nolako elkartea sortu duten, musikari ezberdinak ari dira batzen", adierazi zuen Islak komunikabidearen platoan.
Honezkero hainbat bilera egin dituztela azaldu zuen zinegotziak, eta musikazaleen beharrei bide emateko laguntzeko prest azaldu zen Udala: "Eraikin desberdinak aztertzen ari dira: zuzenekoak egin ahal izateko espazioa batetik eta entsegu-lokalak bilduko dituen espazio bat bestetik". Hartu-emanaren fruituak aurki jasotzea espero du zinegotziak.