Tantaka haurreskolan ere “tenperatura oso altuak” erregistratu dituzte, eta Udalak jakinarazi du neurriak hartuko dituela eraikinak klimatizatzeko

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 2a

Tantaka haurreskola, artxibo irudi batean. / GoogleMaps

Hezkuntza zentroek izango dute lehentasuna Udalak egingo dituen klimatizazio lanetan. 

Amurrioko Tipi-Tapa Haurreskola soilik ez, Tantaka haurreskolan ere "oso tenperatura altuak" erregistratu zituzten iragan astean, eta ezin izan zuten “ohiko jarduna behar bezala burutu”.

Hala azaldu dute haurreskolako kideek Aiaraldea Komunikabidera bidalitako ohar batean, eta azaldu dute familiek idatzi bat aurkeztu dutela Udalean, haurreskola “behar bezala klimatizatzea” eta “haurren eskubideak eta hezitzaileen baldintza egokiak bermatzea” eskatzeko. 

Azaldu dutenez, Udaleko langileek aire egokituko makina bat eraman zuten, “baina haurreskolaren tamaina eta egiten zuen bero handia zela eta ez zen nahikoa izan”. Alkateak, bere aldetik, “egoera aztertzeko konpromisoa” hartu zuen. Gauzak hala, hezkuntza zentroko kideek espero dute klimatizazio lanak “ahalik eta azkarren” egitea eta “bizitako egun zailak berriro ez errepikatzea”.

Udalaren oharra

Amurrioko Udalak, bere aldetik, oharra zabaldu du haurreskoletan erregistratutako tenperatura altuen aferaren harira, eta iragarri du plan bat bultzatuko duela “udal-eraikinak klimatizatzeko”, bero-boladak “gero eta ohikoagoak eta gogorragoak” bilakatzen ari direlako.

Azaldu dutenez, prozesu horretan lehentasuna izango dute hezkuntza zentroek, eta gogorarazi dute 2026ko udal aurrekontuetan 100.000 euroko partida jaso dutela haurreskoletan inbertsioak egiteko. “Duela hilabete inguru Udalak eta Tipi Tapa Haurreskolaren koordinazioak egindako bileran, adierazi zen hornidura horrek aukera emango duela ikastetxeko leihoak aldatzeko, haien energia-eraginkortasuna eta ikasgeletako erosotasun termikoa hobetzeko”, azaldu du tokiko erakundeak, “Tantaka haurreskolaren kasuan, Udala aztertzen ari da, ikastetxeko zuzendaritzarekin batera, zein den jarduerarik egokiena bere behar espezifikoei erantzuteko eta umeentzako baldintza ezin hobeak bermatzeko”. 

Bestalde, Udalak nabarmendu du Amurrio “erreferentziazko” udalerri bilakatu dela “klima-aldaketara egokitzeko udal-estrategiei” dagokionez, eta horretan sakontzeko konpromisoa dute, Txerra Molinuevo alkatearen hitzetan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide