"Poteo Ibizenco"-aren aurrean emandako erantzunean berretsi eta Mugimendu Feminista kriminalizatzeko saiakera salatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2026ko abuztuaren 17a

Eraso matxistak salatzeko agerraldia egin zuten Kuadrillek jaien hasieran, zeinetan gerora azaleratu diren hainbat kontu zeharka aipatzen ziren.

Komunikatu bateratua plazaratu dute Amurrioko Emakumeon* Sareak, Otsemeakek eta kuadrillek, ekintza horretan erasotzaileak parte hartzekoak zirela azaltzeko. Udalari leporatu diote “erasotuen beharrei entzugor” egitea eta “Mugimendu Feminista kriminalizatzeko jarrera” hartzea.

Soka luzea ekarri du "Poteo Ibizenco"-aren auziak Amurrioko Jaietan. Horren aurrean, komunikatu bateratua plazaratu dute Amurrioko Emakumeon* Sareak, Otsemeakek eta Kuadrillek, gai horren nondik norakoak azaltzeko. 

Bertan azaldu dutenez, jaiak hasi baino lehen helarazi zitzaion Udalari ekintza horren aurrean neurriak hartzeko beharra, jai batzordeetan ekintzak antolatzen aritu diren hainbat eragileren zein kuadrillen eskutik. “Izan ere, ekintza horretan erasotzaileak parte hartzekoak ziren, eta horrek zuzenean erasotuengan eta herriko beste neska gazte askorengan izan zezakeen eraginaz ohartarazi zen”, azaldu dute sare sozialen bidez plazaratutako komunikatuan. 

Azaldu dutenez, jaiak hasi baino lehen helarazi zioten Udalari "Poteo Ibizenco"-aren aurrean neurriak hartu behar zirela, bertan erasotzaileak parte hartzekoak zirelako. 

Nabarmendu dutenez, helburua ez zen ekintza bertan behera uztea soilik, “askoz sakonagoa” baitzen mahai gainean zegoena: “erasotzaileek espazioak normaltasunez hartzea saihestea, eta horrelako egoerak ahalbidetzen edo normalizatzen dituzten jarrerak ez erreproduzitzeko urratsak ematea".

Baina antolatzaileen erantzuna "guztiz kontrakoa" izan zen, salatu dutenez, "eta ekintzarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, horrek erasotuengan mina eragin zezakeela jakinda".

Emakume erasotuek Mugimendu Feministako protokolo arduradunengana jo zuten orduan, “ekintzari erantzun bat ematearen beharra” adierazteko. Komunikatuan zehaztu dutenez, orduan hartu zuten “gorputzak jarri eta poteoa gelditzeko hautu kolektiboa”. Abuztuaren 13ko arratsaldean egin zuten hori, “ehunka lagunen babesa” helaraziz  “erasotuak izandako pertsonei eta euren testigantzei”. 

Eginiko ekintza horretan berretsi dira komunikatuaren sinatzaileak: "abuztuaren 13an gertatutakoa erantzun kolektiboa izan zen, mezu argi bat zuen: nahikoa da". Euren ustez, “aurrera egiteko benetako pauso” bilakatu behar da iragan ostegunean gertatutakoa: “Gure konpromisoa argia da: ez dugu inolako erasorik onartuko. Hau ez da bi bandoren arteko gatazka bat, ezta kuadrilla baten kontrakoa, ezta pertsona baten aurkakoa. Hau jaietako eragileek hasieratik oso modu argian adierazi duten zerbait da: denak batera gaude erasotuak izan diren kideen ondoan. Eta guk guztiok argi dugulako inpunitatea ere erasotuak izan diren pertsonei mina egiteko estrategia kontzientea dela. Bazen garaia aurrera urrats bat emateko”. 

Emakume erasotuek Mugimendu Feministako protokolo arduradunengana jo zuten, “ekintzari erantzun bat ematearen beharra” adierazteko. Komunikatuan zehaztu dutenez, orduan hartu zuten “gorputzak jarri eta poteoa gelditzeko hautu kolektiboa”.

“Mugimendu feminista kriminalizatzeko jarrera” hartzea leporatu diote Udalari

Aurrekoari lotuta, defendatu dute “guztion ardura” dela erasoak salatzea. “Ezin dugu erantzukizun guztia erasotuengan utzi. Ezin dira haiek izan gertatutakoa kontatu, salatu eta ondorio guztiei aurre egin behar dieten bakarrak, inguruko guztiok beste alde batera begiratzen dugun bitartean”. 

Horri lotuta, Udalaren jarrera ere salatu dute. Nabarmendu dutenez, tokiko erakundeak “hasieratik” izan zuen egoeraren berri eta, hala ere, ez zuen “benetako kudeaketarik egiteko borondaterik erakutsi. Ez jaien aurretik ezta bitartean ere”. Horregatik, aldarrikatu dute instituzio bat ezin dela “gutxieneko plano batean” geratu, “are gutxiago erasotuen beharrak eta eskaerak mahai gainean daudenean”. 

Horri lotuta, bereziki larritzat jo dute Udalak  “erasotuen beharrei entzungor egin” eta “Mugimendu Feminista kriminalizatzeko jarrera” hartu izana, “herriko ehunka pertsonak emandako erantzun kolektiboak garrantzirik izango ez balu bezala”. 

Amurrioko Udalak ez dio komunikatuari erantzun momentuz. Dena den, gaiari lotutako adierazpen bat atera zuen sare sozialetan jaiak hasi baino bi egun lehenago, adieraziz kuadrillek "Poteo Ibizenco"-a egitarau ofizialetik kentzeko eskaera egin ziotela. Hala zioen tokiko erakundeak komunikatu horretan: “Kuadrillen ustez, ekitaldi hau ez dator bat Amurrioko jaietan ordezkatzen dituzten eta zaindu nahi dituzten balioekin, eta jarduera ofizial gisa sartuta egoteari uzteko eskatu diote Udalari. Amurrioko Udalak eskaera hori jaso eta errespetatzen du, eta Kuadrillek jaiak antolatzeko, parte hartzeko eta bizitzeko duten funtsezko zeregina aitortzen du. Hori dela eta, Poteo Ibizenkoa ofizialki Amurrioko jaietako egitarautik kanpo geratzen dela jakinarazi du”. 

Bereziki larritzat jo dute Udalak  “erasotuen beharrei entzungor egin” eta “Mugimendu Feminista kriminalizatzeko jarrera” hartu izana, “herriko ehunka pertsonak emandako erantzun kolektiboak garrantzirik izango ez balu bezala”. 

“Erasotzaileak ez dira beti ezezagunak”

Kuadrillek, Emakumeon* Sareak eta Otsemeakek, euren aldetik, nabarmendu dute erasoak ez direla soilik “kale ilunetan” gertatzen, eta erasotzaileak ez direla beti ezezagunak: "Erasoak gure kuadrilletan, gure lagunartean, gure jaietan eta gure familietan ere gertatzen dira; eta hor dago gutako bakoitzaren ardura: gertukoa denean ere ikustea, seinalatzea eta posizioa hartzea”.

Horregatik, beharrezkotzat jo dute “beste espazio eta lekuetan dauden erasotzaileekiko jarrera berdina hartzea”. 

Bukatzeko, aldarrikatu dute guztion ardura dela "eraso matxistak geratzen direnean erreparaziorako urratsak ematea, eta berriro ez gertatzeko bermeak jartzea. Erasoak salatzen dituztenen testigantzak zalantzan ez jartzea. Guk sinisten zaituztegu. Gertatutakoak balio dezala gure arteko harremanak, jarrerak eta isiltasunak berpentsatzeko eta erantzukizunak hartzeko, eta Amurrio zein jai feminista seguruagoak eta gozagarriagoak eraikitzeko".

Jaien azken txanpan argitaratu dute komunikatua, baina jaien hasieran ere antzeko diskurtsoa plazaratu zuten kuadrillek, Txupinazo Eguneko eguerdian eginiko agerraldian: 

Post by @aiaraldea@tkm.eus
View on Mastodon

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide