Jaietan eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa aplikatu ez izana leporatu dio Amurrioko EH Bilduk Udal Gobernuari

Erredakzioa

Eraso matxistak salatzeko agerraldia egin zuten Kuadrillek jaien hasieran.

Abuztuaren 13ko "poteo ibizenco"-an jazotako gertakarien aurreran, Berdintasun teknikariari bilera bat deitzea eta, ondorioz, eraso matxisten aurkako protokoloa aktibatzea eragotzi izana leporatu dio oposizioko taldeak EAJ-PSEren gobernuari. 

Amurrioko EH Bilduk oharra zabaldu du salatzeko Udal Gobernuak ez zuela jaietan eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa aplikatu abuztuaren 13ko "poteo ibizenco"-an gertatutakoaren aurrean.

Izan ere, azaldu dutenez egun horretan, Mugimendu Feministaren protokoloaren arduradunak "dei bat jaso" zuela azaldu du oposizioko taldeak, eta horrek "protokoloa aktibatu zuela". Subiranisten hitzetan, 24 orduko epean deitu beharko zukeen gobernu-taldeak premiazko mahaia baina "ez zion utzi Berdintasun teknikariari bere funtzioak betetzen". 

Abuztuaren 16an Amurrioko Emakumeon* Sareak, Otsemeakek eta kuadrillek plazaratutako komunikatuan adierazi zutenez, "ekintza horretan erasotzaileak parte hartzekoak ziren". Jai-egitarautik kanpo bazen ere ekintzak aurrera egingo zuela ikusita, emakume erasotuek Mugimendu Feministako protokolo arduradunengana jo zutela azaldu zuten zabaldutako irakurketan, “ekintzari erantzun bat ematearen beharra” adierazteko. 

Protokoloa ez-aktibatzea

Jaietan eraso matxisten aurrean jarduteko protokoloa Udalak eta jaietan parte hartzen duten bestelako eragileek prestatu zuten 2024an, hala nola Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak, Amurrioko Kuadrillek, Amurrioko Emakumeen Sareak eta Amurrio Harro elkarteak.

Horren arabera, eta EH Bilduk argitaratutako oharrean zehaztu duenez, "erasoren bat gertatu dela egiaztatzen den guztietan, gobernu-taldeak 24 orduko epean deitu behar du premiazko mahaia, eta beste 24 ordura luzatu ahal izango da, baldin eta informazio gehiago behar bada".

Bilera hori deitzearen ardura Berdintasun teknikariarena da, eta oposizioko taldeak salatu du ez zitzaiola utzi "bere funtzioak betetzen". Horren ostean, "hiru aldiz eskatu dute jarraipen eta ebaluazio batzordeko organoa osatzen duten hainbat eragilek" mahai hori osatzea, baina momentuz ez da bilerarik egon.

"Deialdia egiteko ahalmena ez litzateke inoiz alderdi politiko baten borondatearen mende egon behar. Ez emakume erasotuak tartean daudenean. Erabaki politiko honen helburua da gertaerak denboran zehar lausotzea eta ekaitza igaro arte itxarotea, erantzun instituzional argi bat ematea saihestuz", adierazi du Jon Berganza EH Bilduk Amurrion duen bozeramaileak.

Aiaraldea Komunikabideak Amurrioko Udalari galdetu dio gaiaren inguruan, baina zehaztu du momentuz ez duela adierazpenik egingo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide