Saratxoko Administrazio Batzarrak eta Aztarna elkarteak urtebete baino gehiago eman dute lanean herrian dagoen legoa-harria zaintzen, tokiko ondare historikoa mantentzen eta beste kokapen batean instalatzen.
Orain Mesoien auzunean dago elementu historikoa, kartel informatibo batekin, Nerbioiko Parke Linealaren alboan, eta ospatzeko jardunaldia deitu dute biharko. 18:00etan abiatuko dute ekitaldi musikatuarekin eta ordu erdi geroago puzgarriak egongo dira umeentzat. Amaitzeko, 20:00etan mokadua eskainiko dute.
Berez, bihar hitzaldian legoa-harriaren historia aipatzeaz gain, Saratxon aztarna handia utzi dute bi herritar ere izango dituzte gogoan; Josean eta Miguel Gutierrez Villate, alegia.
Legoa-harria
Berez, Administrazio Batzarrak eta Aztarnak errepide ingurutik orain dagoen tokira lekualdatu dute.
Saratxoko legoa-harria Bilbo, Urduña eta Pancorbo lotzen zituen errepidean distantziak markatzeko zegoen sistemaren parte zen. Gaur egun bi legoa-harri besterik ez dira geratzen zutik Bilbo eta Urduña artean, biak eskualdean: Saratxon bata eta Urduñako zezen-plazaren aurrean bestea.
2021ean egin zituzten Urduñako legoa-harria kontserbatzeko lanak, zenbait zati zementuarekin zaharberrituz.
Bi legoa-harri hauek 1770 eta 1780. urteen artean kokatu zituztela uste dute, garai hartan euskal kostaldea Gaztelarekin lotzen zuen errege bidean distantziak neurtzeko asmoz. Hain zuzen ere, biek ala biek dute harlauzetan zizelkatutako inskripzio bat, Bilboraino dagoen distantzia legoatan adieraziz: zazpi eta sei legoa Bilbora, hurrenez hurren.
Legoa 5,5 kilometroren baliokidea den distantzia neurtzeko unitate zaharra da. Gutxi gorabehera gizaki batek ordu betean ibilian osatu dezakeen distantziari egiten dio erreferentzia. XIX. mendean kilometroen lekua hartu zuten legoek, eta legoa-harrien erabilera bertan behera geratu zen.