Maria Teresa Menoyok jaso du Arabako Foru Aldundiaren aitortza, 2025ean erakunde publiko horrek kudeatzen duen autobus zerbitzua gehien baliatu zuen pertsona izateagatik. Ez da lehenego aldia, iaz ere aitortza bera jaso baitzuen Lezamako bizilagunak.
Gauzak hala, hiru BAT txartel jaso ditu aiaraldearrak sari moduan, 90 euroko kargekin, hau da, 270 eurorekin guztira, garraio publikoa erabiltzen jarraitzeko.
Zehazki, 797 bidaia egin zituen iaz Menoyok (aurreko urtean baino 77 gehiago). Silvina Vicente Zorzolik jaso du bigarren saria, 788 bidaia egiteagatik. Hirugarren postua, aldiz, Martha Amelia Chevezek eskuratu du, 717 bidaia eginda 2025ean.
Jon Nogales Prietok eman dizkie sariak hiru emakumeei. Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak aipatu du autobus zerbitzuak markak hautsi zituela iaz, 2,7 milioi erabileren langara iritsita.
Eta gora doa zifra, Aldundiko ordezkariaren hitzetan: "urtarriletik eta abuztura bitartean %7 baino gehiagoko hazkundea izan baita, eta horri esker ekitaldia 2,9 milioi inguru bidaiarirekin itxi ahal izango dugu".