Lezamako pilotalekuan egindako horma-irudia da sinatu duzun azken lana. Nola iritsi zinen muralismoan murgiltzera?
Betidanik izan dut marrazteko grina, txikia nintzenetik. Bere garaian ez nuen horrekin erlazionatutako ezer ikasi, baina beti egon naiz arteari lotua; margotzen, letrak egiten… Duela urte gutxi parez pare jarri zitzaidan Arte Ederrak ikasteko aukera, eta horrek pinturara gehiago hurbildu ninduen. Arte Ederrek perspektiba berriak ireki zizkidaten, eta bertan murgildu nintzen muralismoaren munduan.
Bestelako arte espresio batzuk ere ezagutuko zenituen Arte Ederretan. Zergatik erakarri zintuen margoak?
Arte Ederrak ikasten hasi nintzenean ez nuen batere argi zer bilatzen nuen. Ikasketa horiek irekizten zituzten aukera desberdinak arakatu nahi nituen, diziplina desberdinekin esperimentatzeko. Probatu nituen bideogintza, argazkilaritza, eskultura… baina marrazketako irakasle bati esker pinturaren bidea jorratzera eraman ninduen. Oso irakasle ona zen, eta bete-betean marrazketa errealistan murgildu ninduen. Estiloak eta irakasteko moduak burua leherrarazi zidaten. Asko pikatu nintzen.
Hainbeste obsesionatu ninduen gaiak bigarren mailara igaro nintzenean irakasle horrekin marrazketa asignatura egitea eskatu nuela berriro. Esperimentatuz eta esperimentatuz pinturara egin nuen jauzi eta ikusi nuen marrazketan egiten nuen horri beste dimentsio bat eman ahal niola; bideak are gehiago zabalduz.
Zer gaitasun dira beharrezkoak zuk egiten dituzun horma-irudiak egiteko? Pertzepzio espaziala, koloreen ezagutza...
Uste dut eskala handiko muralak egiteko ezinbestekoa da proportzioetan asko saiatu izana, eskala ezberdinekin asko jolastu izana. Horrek erabat baldintzatzen du espazioari ematen diozun begirada, eta denborarekin garatuz zoaz espazioa neurtzeko gaitasuna. Gutxinaka esperimentatuz garatzen den zerbait da.
Bestetik, ezagutza teknikoak ere behar beharrezkoak dira: garabi bat nola maneiatu, besteak beste. Horri gehituko nizkioke bai ikasteko gogoak eta baita teknika eta estilo desberdinak erabiltzeko gaitasuna. Koloreen gaineko ezagutza ere beharrezkoa da, adibidez.
Lezamakoa da egin duzun azken lana, baina bidean beste batzuk egin dituzu ere.
Amurrioko Gaztetxeko fatxadan egindako horma-irudia da nire lehenengoetariko bat. Ikasten nengoela egin nuen hura, ez modu profesionalean eta asanbladako kideen laguntzarekin. Horren ostean etorri dira gehiago, modu profesionalagoan egindakoak hauek. Uda honetan, esaterako, hainbat pieza egin ditut: Villabonako musika eskolan, Sopelako El Peñon tabernan edo Ezcarayko La Viña jatetxean, esaterako.
“Argi neukan horma-irudiak egin nahi nituela, baina bidea ez da erraza: zuk zeuk bilatu behar dituzu lanak, ipurdia mugitu… Nahiko baikorra naiz, eta uste dut aukera asko ditudala parez pare”
Modu profesionalean horma-irudiak egiteko apustua egin duzu eta autonomoa zara orain. Urrats garrantzitsua da.
Karrera bukatu berritan hainbat ziren esku artean nituen lanak. Ikusi nuen aukera nuela lan hobeak eta serioagoak egiteko, baina horretarako fakturak igorri behar nituen. Bide hori jorratu edo ordura arte aritutako moduan aritzea aukeratu behar nuen. Nik aurrera jarraitu nahi nuen hartutako bidearekin eta autonomo egitea erabaki nuen.
Asko dira une horretan sortutako zalantzak, esaterako ez duzu hilabeteko soldata ziurtatuta. Edonola ere, asko pentsatu gabe ausartu nintzen horrekin. Nik argi neukan horma-irudiak egin nahi nituela, baina bidea ez da erraza: zuk zeuk bilatu behar dituzu lanak, ipurdia mugitu… Ni nahiko baikorra naiz, eta uste dut aukera asko ditudala parez pare. Aktibo egotea da gakoa, sinistuta nago nik egiten dudan lanak fruituak eman ditzakeela. Aukerak egon badaude, eta prozesuaz disfrutatzen ari naizela esan dezaket.

Lezamako horma-irudia adibidetzat hartuta; nolakoa da horrelako lan bat gauzatzea, hasierako zirriborrotik azken emaitzaraino?
Horma-irudiak izan daitezke libreak, jaialdi baterako egiten direnak adibidez, edo enkarguzkoak. Enkarguzkoak direnean lehenengo urratsa horma-irudia enkargatu duen entitateak, kasu honetan Lezamako Administrazio Batzarrak, espazio horretan islatu nahi duen hori argi izatea da. Kontatu nahi den horretaz aparte ezinbestekoa da ere espazioa bertatik bertara ezagutzea, hormak zer islatzen duen jakitea; ez baita berdina industriagune batean edota baso batean dagoen horma bat. Paretak espazioarekin duen elkarrizketa ezagutzea garrantzitsua da.
Kontatu nahi den hori argi izaterakoan eta espazioak eskaintzen dituen aukerak ezagututa bozetoekin hastea da hurrengo urratsa. Lezamako Pilotalekuaren kasuan, funtzionatu zezaketen pare bat zirriborro osatu eta Administrazio Batzarrari aurkeztu nizkion, hauen gainean ekarpenak egiteko.
Behin diseinua adostuta murala margotzeko epeak finkatzen dira. Arlo logistikoena da hau: garabiak eta bestelako ekipamenduak alokatu, pinturak erosi, erosketa ezberdinak… Material guztia prest utzi behar da jarraian, margoaren nahasketa egokiak egin eta baldeetan banatu, besteak beste.
Lezamako Pilotalekuko murala bost egunetan osatu nuen, baina eguraldiaren arabera aldatu daitezke epeak. Lezaman lau egun eman nituen garabian igota, eta azken egun bat eskailerarekin amaierako ukituak ematen.
Lana, ordea, ez da murala margotzerakoan amaitzen. Argazkiak egitea eta hauek sare sozialetan zabaltzea ere berebizikoa da. Izan ere, lan batek beste baten ateak zabaldu ditzake. Lezaman kide bat izan dut nirekin, prozesu guztia dokumentatzen eta bideo bat ekoiztu dugu.
“Hainbat dira buruan ditudan ideiak eta ametsak, baina jakin badakit gradualki garatzen joan beharreko prozesua dela hau”
Egun biziak izango ziren.
Paretan margotzen hasten naizen momentutik jo ta su jartzen naiz lanean. Goizetik ilundu arte gelditu gabe aritzen naiz. Normalean ez dut gauza asko berregin beharrik, baina egia esan mural bat hori da: margotu, zuzenketak egin eta gutxinaka horma-irudia etapa edo kapa ezberdinetan aurrera ateratzea. Muralaren margoketa faseka antolatzen dut, baina beti dut hormaren perspektiba orokorra, lan guztiaren eboluzioa ikusteko.
Nola definituko zenuke zure estiloa? Zein da zure horma-irudien marka?
Nik esango nuke estilo figuratiboa dela nirea, errealista. Baina beti saiatzen naiz bertan ez geratzen, eta abstrakzio ukitu bat ematen diet nire irudiei, gorputzetik gestualki ateratzen diren gauza batzuk islatzea. Hau da, barrenetik ateratzen zaidan hori ere horma-irudian transmititzea.
Pozik zaude Lezamako Pilotalekuko emaitzarekin? Jasoko zenuen auzokideen iritziren bat edo beste.
Bai, mural honekin ni pertsonalki oso gustura geratu naiz. Ikusi dut ere herritarren artean ere harrera oso ona izan duela. Feedback polita izan dut Lezamako bizilagunekin, jendeak denbora asko hartu du gustuko duela esan eta nire lana eskertzeko. Landa-eremuan lan egiteak, bizilagunengandik hurbil, oso gauza baliagarria dela uste dut.
Amesten jarrita, noraino nahiko zenuke iritsi horma-irudiak margotuz?
Hainbat dira buruan ditudan ideiak eta ametsak. Baina jakin badakit gradualki garatzen joan beharreko prozesua dela hau.
Argi dut etorkizun batean dokumental serie bat egin nahi dudala, munduko txoko desberdinetan muralak eginez. Forma asko eman behar zaio oraindik, baina nahiko nuke dokumental horrek eta horma-irudi horiek inpaktu soziala izatea egiten ditudan leku horietan, jendea laguntzeko balio izatea.
Momentuz proiektu berriak aurrera ateratzen jarriko dut nire ahalegina.
