Aurreko denboraldian Espainiako estatuan saskibalioaren esparruan dagoen bigarren maila garrantzitsuenera igoera lortu eta gero, Zaraobe klubeko emakumezko seniorrei ordua helduko zaie kategoria berrian ibilbidea hasteko.
Goierri Aldapa Urretxuko taldea izango dute aurkari eta lehiaketa berriari tenperatura hartzen hasiko dira amurrioarrak. Norgehiagoka 18:45ean hasiko da eta klubak doako lau zozketa prestatu ditu, ikusleak erakartzeko eta giroa sortzeko.
Gogoratu beharra dago Aiaraldeko Kuadrillaren eta Txakolinaren Ibilbidearen babesa lortu zuela klubak eskualdeko marka zabaltzeko eta emakumezkoen kirolera lotzeko.
Edonola ere, saskibaloia gogoko dutenek hitzordu gehiago izango dituzte egun osoan. 9:45ean gizonezko juniorrek Baskoniaren kontra jokatuko dute, 11:45ean emakumezko juniorrak Araba izango du aurrean eta 16:45ean gizonezko kadeteen txanda izango da Araberriren aurka.