Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu dituzte Angeluko emakumearen heriotzaren aurrean

Erredakzioa

Dozenaka herritar bildu dira Amurrion eginiko elkarretaratzean. 

Dozenaka herritar bildu dira gaur arratsaldean Amurrion, Angelun jazotako 19 urteko emakume gazte baten heriotza salatzeko. Salatu dutenez, emakume horrek bortxaketa bat salatu zuen bere buruaz beste egin baino egun batzuk lehenago. Gauzak hala, indarkeria matxistaren testuinguruan kokatu dute heriotza. 

Mobilizazioaren amaierako irakurketan azaldu dutenez, indarkeria matxistak "aupergi eta ondorio ugari" ditu. Horregatik defendatu dute "erdigunean" jarri behar direla "emakumeon* bizipenak, sufrimendua eta bizitzeko baldintzak".

Era berean, gogor salatu dute hedabide batzuek gertakari hau baliatu izana "arrazakeria eta diskurtso xenofoboak zabaltzeko". Gauzak hala, "erantzunkizunez" jokatzea exijitu diete, "indarkeria matxistaren larritasuna erdigunean" jarriz eta "arrazakeria normalizatzeari" utziz. 

Komunikabideei, erakunde publikoei eta gizonei interpelatu diete mobilizazioan. 

Erakunde publikoei, aldiz, "prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia" bermatzea eskatu diete: "Emakume gazteak salatutako sexu indarkeriaren aurrean zer arreta eta babes eskaini zitzaizkion argitzea eta emakumeen beharrei erantzuteko baliabideak bermatzea eskatzen dugu. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: baliabideak, arreta eta benetako konpromiso politikoa behar dira".

Gizonei ere interpelatu diete mobilizazioan, "isiltasuna konplizitatea" dela nabarmenduta: "Apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen gain dago".

Bukatzeko, autodefentsa feministaren aldeko hautuan berretsi dira, "biktimak" baino, "subjektu politikoak" direla aldarrikatuta. "Emakumeon* bizitzak eta ongizatea erdigunean jartzen dituen gizartea eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei erantzuteko gai izango dena".    

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide