Urrats bat gehiago egin du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak hartzekodunen lehiaketaren barruan, multinazionalaren enpresa guztiak batzen dituen holding-a (Tubos Reunidos S.A) likidatzea eskatuta.
Atzo hartu zuen erabakia Administrazio Kontseiluak, balizko erosle bat bera ere ez duelako enpresak dituen akzioen gaineko interesik erakutsi.
Dena den, zuzendaritzak nabarmendu du erabaki honek ez duela esan nahi lantegiak itxiko direnik eta ez duela produkzio-unitateen salmenta prozedura aldatzen. "Prozesuak aurrera jarraitzen du, jarduerari eustea eta ahalik eta lanpostu gehien mantentzea ahalabidetuko duen erosle bat aurkitzeko helburuarekin", nabarmendu dute enpresa-taldeko buruek.
Era berean, azaldu dute Gasteizko Auzitegiak onartu behar duela likidazio eskaera. Hala dio zuzendaritzaren komunikatuak: "Aurreikuspenen arabera, (epaitegiak) datozen egunetan emango du bere erabakiaren berri. Nolanahi ere, likidazioa denbora behar duen prozesua da, eta ez du esan nahi sozietatea berehala itxiko denik".
Horrez gain, nabarmendu dute Tubos Reunidose S.A.-n lan egiten duten zortzi pertsonen kontratuek ere ez dutela aldaketarik izango. "Lanean jarraituko dute, batez ere, taldearen produkzio-unitaeen salmenta-prozesua ahalik eta baldintza onenetan gauzatzen laguntzeko".
Gauzak hala, atzo hartutako erabakiak ondorio material bakarra eragingo du momentuz: Madrilgo bulego korporatiboa itxiko dutela.
Bilera bihar sindikatuen eta administrari konkurtsalaren artean
Iragan astearen amaieran jakinarazi zuen administari konkurtsalak bost eskaintza hautatu zituela, eta horietako hiruk planteatzen zutela Tubos Reundidoseko lantegi guztien erosketa. Bihar izango dute bilera sindikatuek administrari konkurtsalarekin, gai horri buruz hitz egiteko.