Tubos Reunidos enpresako administrari konkurtsalak pasa den astean azaldu zien Tubos Reunidos Premium Threads (TRPT) Langraitz Okako lantegiko sindikatuetako ordezkariei azpiegitura ixteko asmoa duela.
Zehazki, enplegu-erregulazioko espedientea negoziatu nahi du beharginen ordezkariekin guztiak kaleratzeko. Bestela, behin-behineko espedientea abiatzea ere proposatu du.
PKF Attest enpresak argudiatu du ez dagoela interes irmorik erakutsi duen eskaintzarik hango lantegia erosteko. Zehazki, eskaintza subsidioario bakarra dagoela azaldu du.
Azpimarratu beharra dago langile horien patua Amurrioko enpleguari ere zeharka lotuta dagoela, administrazio konkurtsalak pasa den astean azaldu bezala.
Langraitz Okako faktoriako sindikatuek aho batez adierazi dute neurriaren kontra daudela, konkurtsoa eta salmenta ez baitira gauzatu oraindik eta, ondorioz, tartea egongo litzateke negoziatzeko.
Langile batzordea kontra
Langraitz Okako faktoriako sindikatuek aho batez adierazi dute neurriaren kontra daudela, konkurtsoa eta salmenta ez baitira gauzatu oraindik eta, ondorioz, tartea egongo litzateke negoziatzeko. Beharginen ordezkariek exijitu dute prozesu osoa amaitzea eta ahalegin guztiak egitea itxiera ekiditeko.
Halaber, aldarrikatu dute beste lantegiekin egiten ari diren lan serio bera merezi duela Langraitz Okako azpiegiturak. Hau da, unitate produktibo hori erosiko duen eskaintza bilatzea eskatu dute.
Soldatak jasotzeko arazoak
Arestian aipatutakoa gutxi balitz, enpresa batzordeak azpimarratu du administrariak ez diela inolako bermerik eman soldaten kobrantzari dagokienez, eta salatu dute esan diela azaroaren 1etik aurrera ezin dituztela ordainsariak bermatu.
Hori guztia aintzat hartuta, sindikatuek mezua bidali diete Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, konpromisoa har dezaten lantegi arabarrean dauden enpleguen jarraipena bermatzeko.
Gogoratu behar da pasa den astean ELAk eta LABek mahairatu zutela Langraitz Okako 60 langileen egoera.