Tubos Reunidos

Tubos Reunidos erosteko interesdunekin bilerak egiteko aukerak izango dituzte sindikatuek hurrengo astetik aurrera, administrari konkurtsalaren iritziz

Aitor Aspuru Saez

Tubos Reunidoseko langileen mobilizazio baten irudia. / Aiaraldea.eus

Amurrioko lantegiko sindikatuek eta administrari konkurtsalak bilera egin dute gaur lantegian bertan, baina ez da bereziki argigarria izan.

Gaur bildu dira Amurrion Tubos Reunidos enpresako administrari konkurtsala eta sindikatuen ordezkariak konpainiaren etorkizunari buruz aritzeko, baina batzarrak ez du inkognita gehiegi argitu. Izan ere, langileei ez diete oraindik azaldu zeintzuk diren eskaintzak egin dituzten enpresak, ezta proposatu dituzten lan eta enplegu baldintzak ere.

Administrariak aurreratu du hurrengo astetik aurrera has daitezkeela bilerak interesdunekin eta orduan jarri ahal dizkiotela izenak eskaintzei, baina zenbait langile erakundek zalantzan jarri dute hori gertatuko denik, ez baitute horren beharrik salmenta prozesuak aurrera egin arte. Izan ere, azken eskaintzak abendu hasieran egingo dituzte eta orduan bai, akordioa beharko dute alde sozialarekin.

Likidazioa egikaritzeko arduradunek erantsi dute saiatzen ari direla Euskal Herrian dauden unitate produktibo guztiak aldi berean saltzen eta Trapagako lantegia soilik eskuratu nahi dutenei esan diete prozeduratik kanpo gera daitezkeela.

Edonola ere, ez dute sindikatuen galderak modu argian erantzun. Adibidez, itaun dute zer gertatuko den eskaintza ekonomiko handia egiten duenak soilik Meatzaldeko azpiegitura erosi nahi badu, eta administrazio konkurtsalak ez du jarrera irmorik erakutsi.

Langileei ez diete oraindik azaldu zeintzuk diren eskaintzak egin dituzten enpresak, ezta proposatu dituzten lan eta enplegu baldintzak ere.

Urriko soldata bermatuta

Administrari konkurtsalak aipatu du ez dutela arazorik espero urriko soldata kobratzeko, baina ez daki puntual helduko diren edo egun gutxi batzuk beranduago.

Halaber, enpresako kudeatzaileek azaldu dute eskariak jasotzen ari direla, baina finantzazio arazoek oztopatzen dutela lehengaiak erostea eta ekoiztea, ez baitago likidezia nahikorik eta hornitzaileek aurretik kobratzea exijitzen dute.

SEPIren oztopoa

Tubos Reunidoseko administrariak erantsi du egoera bideratzeko traba handia izaten ari dela SEPI. Gogoratu beharra dago 100 milioi baino gehiagoko zorra duela multinazionalak erakunde horrekin eta ez duela onartu ez diru hori barkatzea ezta kapitalizatzea ere. Hortaz, salmenta baldintzatzen duen aldagai handia da SEPIrena, zer egingo duen adierazi arte behintzat.

SEPIren oztopoaren aurrean, ELA sindikatuak aldarrikatu du Espainiako Gobernuaren inplikazioa, gogoratuta erakunde publiko horrekin dagoen zorrak izugarri baldintzatzen duela operazioaren bideragarritasuna: "Zorra 300 milioi euro ingurukoa da. 170 milioi 2008an akziodunei justifikaziorik gabe banatzetik datoz, eta beste 112,8 milioi (gaur egun ia 150 milioi) 2021ean SEPIri emandako kreditu batetik datoz. Gogoratu behar da urte hauetan SEPIrekiko zorra handitu egin dela pilatu diren interes izugarrien ondorioz, mailegua sinatzean IBOR indizea baino %9,5era arteko interesak aurreikusi baitzituzten, hau da, merkatukoa baino askoz interes tasa handiagoa".

Bide batez, langile erakundeak azpimarratu du egungo egoera zuzendaritzaren kudeaketa eskasaren emaitza dela eta Langraitzen dagoen lantegia ere konponbidearen barruan egon behar dela, 60 behargin baitaude bertan. 

LABek, bere aldetik, ziurtatu du prozesuaren jarraipen estua egingo duela eta bere interes handiena dela enpresa erosleak industria proiektu sendoak hartzea bere gain. Hau da, jarduera guztia eta enplegua bermatzea. .

Horrez gain, sindikatuak Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio konpromisoa hartu zuela hurrengo jabeari eta inbertsoreei laguntzeko, eta gaineratu du babes hori enpleguaren bermearen eskutik heldu behar dela, langileek ez dezaten ordaindu zuzendaritzak eragindako egoera: "Laguntza horrek industria-jarduerarekiko, enpleguarekiko, lantegi guztien etorkizunarekiko eta langileekiko konpromiso argiak izan behar ditu atzean. Ezin da dirua jarri eta gero plantillari ondorioak ordaintzen utzi. Bermeak zehatzak izan behar dira, eta bete egiten direla egiaztatzeko modua egon behar da".

ESKren oharra

ESK sindikatuak ere prentsa oharra zabaldu ELA eta LABen bide beretik. Langile antolakundeak errepikatu du jarduera industriala, Trapaga, Amurrio eta Langraitzeko azpiegituren jarraipena, enplegua eta inbertsioak bermatuko duen eskaintzak izan behar duela lehentasun osoa.

Bestalde, salatu du enpresak jasotzen dituen eskaerak Ameriketako Estatu Batuetatik sartzen ari direla eta horrek talka egiten duela zuzendaritzaren kontakizunarekin, zeinak aipatu zuen konpainiaren arazo nagusietako bat muga-zergak zirela.

SEPIri dagokionez, sindikatuak jakin nahi du erakunde publikoak benetan baloratu duen enpresaren akzioduna izatea eta exijitu du argitzea zer egin den maileguan hartutako dirua eta nora joan den.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide