SEPIk 150 milioi euroko zorra ez badu barkatzen, Tubos Reunidosek ez du etorkizunik, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiaren iritziz

Aitor Aspuru Saez

Ramiro Gonzalez gaurko agerraldian. / Aiaraldea.eus

Gonzalezek erantsi du ez dela egia Europar Batasunak itxi dionik atea 150 milioi euroko zorra barkatzeari eta aukera legal gehiago daudela nabarmendu du.

SEPIren malgutasuna zorra kobratzeari begira ez da nahikoa Tubos Reunidosen etorkizuna bermatzeko, Ramiro Gonzalezen aburuz. Arabako Ahaldun Nagusiak prentsaurrekoa eskaini du gaur Foru Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko eta kazetariek enpresari buruz galdetu diote.

Gonzalezek ez du zalantzarako tarterik utzi eta argi eta garbi esan du 150 milioi euroko zorra barkatzen edo berregituratzen ez bada, Tubos Reunidosen enplegu guztiak galduko direla.

Ahaldunak azaldu du inbertitzaile guztiek adierazi dutela ez dutela zorra euren gain hartuko.

Legez kontrakoa?

Zenbait hedabidek aipatu diote SEPIk zorra barkatzea legez kontrakoa litzatekela, Europar Batasunak azaldu duenez, baina Gonzalezek desadostasuna erakutsi du.

Ahaldunaren iritziz, Bruselaren erantzuna kontsulta ez loteslearen emaitza da eta bestelako adibideak daude, zeinetan bide ezberdinak jorratu dituzten: "Nik eskatzen dudana da bide eta aukera juridiko guztiak lantzea".

ESKren balorazioa

Tubos Reunidoseko ESK-ko sekzioak ere oharra plazaratu du azaltzeko enpresaren egoera larria dela. Baina, bere iritziz, "horrek ez du esan nahi itxiera saihestezina denik, ezta salmenta-prozesuak porrot egin duenik ere. Gertakariak eta hipotesiak bereizi behar dira, eta konkurtso-prozedurako berritasun bakoitza enpresa desagertzeko bidean beste urrats bat balitz bezala aurkeztea saihestu".

Sindikatuak mezu argia zabaltzeko baliatu du aukera: "Tubos Reunidos taldeak industria-instalazioak, ezagutza teknikoa, langile kualifikatuak, bezeroak eta ekoizpen-gaitasuna ditu. Industria- eta giza ondare hori babestu behar da; izan ere, ez da bideragarria Amurrioko, Trapagarango eta Langraitz Okako ekoizpen-jarduerak elkarrekin eta modu integratuan garatu gabe".

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio inplikazioa itxiera ekiditeko.

EH Bildu zorra kentzeko alde

EH Bilduk ere bere jarrera plazaratu du eta SEPIri eta Espainiako Gobernuari eskatu die Tubos Reunidosek duen zorra (150 milioi euro) malgutzeko edo kitatzeko bideak bilatzeko.

"Azken egunotan jakin denez, Espainiako Gobernua Europako Batzordearen txosten batean oinarritu da zorra barkatzea saihesteko, Estatuaren laguntzatzat hartuko litzatekeelako. Hala ere, beste iturri batzuen arabera, posible litzateke ordainketak atzeratzea". Egoera horren aurrean, EH Bilduk "malgutasuna" eskatu dio Espainiako Gobernuari, hiru lantegien eta langileen etorkizuna bideragarria izan dadin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide