ERREPORTAJEA

Gorobel Ibilaldia XL neurrira

Aimar Gutierrez Bidarte

Gorobel mendilerroko txoko ikusgarrienak zeharkatzen ditu ibilaldiak. / Endika Larrazabal

Gorobel Ibilaldiaren edizio borobila ospatuko dute datorren azaroaren 1ean. Aiaraldeko mendi martxa sonatu eta kuttunenak 40 edizioen langa gainditu du, eta Mendiko Lagunak taldeko kideek kopuru horren neurrira dagoen ibilbide berezia prestatu dute, XL tamainakoa. Baina zein da martxaren arrakastaren sekretua?

Aiaraldeko mendizaleen egutegian gorriz markatutako hitzordua da Gorobel Ibilaldia. Meritu propioz bilakatu da Aiaraldeko zein Euskal Herriko mendi ibilaldirik kuttunetako bat, eta urtez urte ehunka mendizale elkartu ditu Gorobel mendilerroan barrena. Aurten berrogeigarren edizioa ospatuko du datorren azaroaren 1ean, eta neurri bereziko martxa antolatu dute Mendiko Lagunak taldeko kideek.

“40 edizio hauetan helburua berdina izan da beti, mendi-festa bat antolatzea eta mendiko giroaz disfrutatzea”

Martxaren hastapenak

Garobel hasieran, Gorobel gerora. 1986an antolatu zuen Mendiko Lagunak taldeak Gorobel Ibilaldiaren lehen edizioa. Ordurako mende laurdeneko historia zuen klub amurrioarrak, eta Euskal Herrian aitzindaria izan zen egitasmoa. Izan ere, gaur egun mendizaleen egutegian erabat integratuta egon arren, 1980ko hamarkadan, oraindik ere ez ziren batere ohikoak mendi martxa neurtuak. Nekez imajina zezaketen orduan zertan bilakatuko zen lehen edizio hartan 50 lagun eskas elkartu zituen ekimen hura. 

Lehenengo edizioetan Artomaña izan zuten ibilaldiaren abiapuntu. Autobusak antolatzen zituzten Juan Urrutia enparantzatik Arrastaria bailararaino, eta bertan egiten zuten izen-ematea mendizaleek.

Martxaren ibilbideak, parte-hartzaile kopurua, mendiaz gozatzeko modua bera… Gauza asko aldatu dira 40 edizio hauetan. Baina badira ere hastapenetatik Gorobel Ibilaldiaren zimendu izan diren mugarriak. Goizale Aterpea izan da horietako bat. 1967an eraiki zuten Ponatako pagadian kokatutako aterpea, eta edizioz edizio Gorobel Ibilaldiaren epizentroa izan da, lehenengo ediziotik bertatik.

Martxaren helburu fundazionalek ere bere horretan jarraitzen dutela aldarrikatu du Andoni Elejaldek, egun, Mendiko Lagunak Taldeko lehendakariak: “40 edizio hauetan helburua berdina izan da beti, mendi-festa bat antolatzea eta mendiko giroaz disfrutatzea”.

Mende berriarekin batera Euskal Mendizale Federazioak sustatutako Euskal Herriko Iraupen Luzeko Zirkuitura batu zen Gorobel Ibilaldia, eta horren parte izan da gaur egun arte.

Mendizaleak mendi-gosez

Urtero ehunka herritar batzen dituen hitzordua da Gorobel Ibilaldia. Kirol hitzorduak azkar utzi zituen atzean lehen urteetako kopuru apalagoak, eta XXI. mendeko lehen hamarkadako edizioetan bi mila lagunetik gora elkartzera iritsi ziren.

Aurtengo 1.200 parte hartzaileetatik 440 Amurriokoak dira; Aiaraldeko gainerako udalerriak kontuan hartuta %54ra iristen da tokiko mendizaleen kopurua

Gaur egun kopurua mugatu egin dutela azaldu du Elejaldek, antolakuntzaren eta natur ingurunea beraren jasangarritasuna bermatze aldera: “Mila parte-hartzaileetan jarri genuen muga, eta ibilaldi txikia egiten hasi ginenean 200 izen emate gehiago onartzera igaro gara”. 1.200 mendizale dira beraz, aurtengoan ere, Amurrion batzartuko direnak. Elejaldek balioan jarri du izen emateen ehuneko oso handi bat Amurriokoa izatea: “Esaten da Amurrioko jende asko urtean behin doala bakarrik mendira, Gorobel Ibilaldian hain zuzen. Niretzako oso aipagarria da, eta ilusioa egiten dit, martxak herrian hain harrera ona izateak”.

Datu benetan esanguratsua da inondik inora. Aurtengo 1.200 parte hartzaileetatik 440 Amurriokoak dira, % 36 guztira. Aiaraldeko gainerako udalerrietako parte hartzaileak kontuan hartuta % 54ra iristen da tokiko mendizaleen kopurua; erdia baino gehiago.

Arrakastaren sekretua

Arrazoi asko egon daitezke harrera bero horren atzean. Akaso, Mendiko Lagunak taldeko kideek adin eta maila guztietako mendizaleen neurrira egokitutako menua prestatzen dutelako urtero: Ibilbide nagusia, ibilbide ertaina eta ibilbide txikia. Hirurak Aiaraldeko mendi-ingurunez gozatzeko pentsatuak.

Goizale Aterpeko horniketa puntuko eskaintza bada Gorobel Ibilaldira hurbiltzen den mendizale orok goraipatzen duen beste alderdietako bat. “Ez dakit Euskal Herrian horrelako horniketa duen martxarik badagoen: makarroiak, arroz-esnea, haragi gisatua…”, aldarrikatu du Elejaldek. Klubeko boluntarioek bi egun ematen dituzte aterpean sartuta dena prestatzen, azaroko eguraldi hezeari aurre egiteko oasi txiki bat eraikitzen. “Mundiala da egiten duten lana, nekez eskertuko diegu ekarpena”, adierazi du Mendiko Lagunak taldeko presidenteak.

Mendilerroak berezkoa duen edertasunari eta Goizale Aterpeko berotasunari, antolatzaileek ibilaldiari jarritako gatza eta piperra gehitu behar zaio ere. Txalaparta, adarra, txistulariak… etengabeko konpainia dira. Mendizale batek nekez ahaztu dezake Gorobeleko ataka bat ttakun-ttakun erritmoan zeharkatu zuen unea. Kontrol puntuetan mozorrotutako boluntarioak azaltzen dira maiz, Gorobeleko bideak betetzen dituzten mendizale fosforeszenteak izaki mitologikoekin, anti-doping puntuetako medikuekin edota elurrik gabeko eskiatzaileekin nahastuz. “Edizioren batean kobazuloren bat zeharkatu dugu ere, esperientzia ahalik eta gozagarriena izan dadin”, oroitu du Elejaldek.

“Ez dakit Euskal Herrian horrelako horniketa duen mendi martxarik badagoen: makarroiak, arroz-esnea, haragi gisatua…”

Lan boluntarioa

“Martxa ez da bi lagunen artean antolatzen, jende asko dago atzetik; bai ibilaldiaren egunean bertan baita aurreko aste eta hilabeteetan ere”. Orotara, boluntario lanetan elkartzen diren 80 lagun baino gehiago zenbatu ditu Elejaldek. Eta lana egon, badago sobera.

Prestaketa lanak urte hasierarekin abiatzen dituzte. Lehenengo eginkizuna baimenak tramitatzea izan ohi da. Gorobel mendilerroan Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek ez ezik, Gaztela Leongo administrazioek ere badituzte eskumenak, eta horrek asko korapilatzen ditu tramite administratibo guztiak. Premiazkoa izan ohi da ere, proposatutako ibilbideak horrela eskatzen badu, autobus zerbitzua denboraz kontratatzea. Duela urte gutxi tren zerbitzu berezia kontratatu zuten mendizaleak Amurriotik Urduñara eramateko.

Eguna ate joka dagoenean hasten da benetako saltsa: Horniketa-puntuetako material dena pentsatu eta, noski, ibilbidea markatu. “Martxa aurreko ostiral eta larunbatean egiten dugu markaketa, eta igandean ibilaldia hasi aurretik dena errepasatzen dugu”.

Amaigabea da martxaren egunean bertan egin beharreko lanen zerrenda: Dortsalak banatzea, marken birpasa egitea, bidegurutzeak zaintzea, kontrol puntuak kudeatzea, ibilaldia bera ixtea, sare sozialak kudeatzea, markak jasotzea, oroigarriak banatzea…

Elejaldek Juan Urrutia plazatik bizi izan ditu Gorobel Ibilaldiaren azken edizioak. Boluntario guztien, Gurutze Gorriaren eta Babes Zibilaren koordinazioaz arduratu da bertatik: “Mendizaleak Amurrioko plazatik ateratzen diren momentutik plazara bueltatzen diren arte gure ardurapean daude, eta guk bermatu behar dugu haien segurtasuna”. Aurten, gainera, lan-tresna informatiko berria garatu du, martxaren jarraipen xehea egin ahal izateko.

“Mendizaleak plazatik ateratzen diren momentutik plazara bueltatzen diren arte gure ardurapean daude, eta guk bermatu behar dugu haien segurtasuna”

Hamaika bizipen

Gorobel Ibilaldiaren antolakuntzaren atzean hamaika bizipen metatu dira berrogei edizio hauetan. Une zailak eta une goxoak. Istripuak, galdutako mendizaleak… Aroko atakan behera erori zen horniketa punturako materiala zeraman Mendiko Lagunaken jeep-a. Hainbatetan bertan behera utzi behar izan dute ibilaldia, azkena 2020. urtean; COVID-19aren pandemiak eragindako osasun egoerak ezinezko egin zuen XXXIV. edizioa aurrera ateratzea. Urte bete lehenagoko edizioa ere bertan behera geratu zen, orduko hartan elurraren ondorioz. “Elur kota 800 metrotan zegoen eta ibilaldia bertan behera geratu bazen ere egun oso bizia izan zen lanean ari ginen boluntario guztiontzat: mendilerroan zeuden kideak jaitsi behar izan genituen, marka guztiak jaso… berezia izan zen guztiz”, oroitu du Elejaldek.

Denboran atzerago eginda, 2011n ere ez zen Gorobel Ibilaldia Juan Urrutia enparantzatik abiatu, eguraldi makurra zela eta: “Ibilbideak diseinatzen ditugunean beti aurreikusten dugu horrelakoak gertatu daitezkeela, eta saiatzen gara alternatibak atontzen, baina eguraldiaren kontra ez dago zer eginik”.

XL neurrira

Dagoeneko zerura begira dira Mendiko Lagunak taldeko kideak, azaroaren lehenak zer ekarriko zain. Egun horretan ospatuko dute ibilaldiaren berrogeigarren edizioa, eta zenbakiari keinu eginez XL tamainako ibilbidea prestatu dute. Martxa nagusiak 60 kilometroko luzera izango du eta alderik alde zeharkatuko du Gorobel mendilerroa. Bidean mendilerroa osatzen duten gailur guztiak zapalduko dituzte, Txarlazotik Aro mendiraino. Hori gutxi ez eta mendizaleek birritan igo beharko dute mendilerroa; Urduñako mendatetik aurrena eta Bedarbideko bidetik gerora. Goizale aterpean atseden hartuta Senda Negra bidetik egin beharko dute itzulera bidea Amurriora, ia 3.000 metroko desnibel positiboa pilatuz. Inoiz egin den Gorobel ibilbiderik luzeena izango da honakoa, 2022ko 49 kilometroko errekorra aise gaindituz.

Bestelako neurrien bila dauden mendizaleek ere izango dute nola gozatu azaroaren 1eko hitzorduan. Ibilbide ertainak 27 kilometroko zirkuitua osatuko du, Amurriotik Tologorrira eta buelta. Azkenik, Ibilbide txikiak Babio mendira igoko ditu mendizaleak.

Berrogei edizioren ostean sasoi betean jarraitzen du Gorobel Ibilaldiak, fresko, gazte eta alai. Inolako txapelketarik gabe tarteko, Aiaraldeko mendi-ingurunez gozatzeko aukera eskainiz adin eta maila guztietako mendizaleei.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide