Gaur elkartu dira Amurrioko Tubos Reunidos lantegiko sindikatuak eta Cap Capital inbertsio funtseko ordezkariak Bilbon, balizko enpresaren erosketari buruz aritzeko. Inbertitzaile interesdunek aurreraru dute soldata masa %20an murriztu nahi dutela kaleratzeak egikarituta, langile taldearen %80a eta altzairutegia mantenduta. Hala ere, hurrengo bost urteetan soldatak izoztea proposatu dute, egungo lan hitzarmena baztertuta.
Halaber, malgutasun, polibalentzia eta lan-antolaketan aldaketak egin nahi dituzte eta adierazi diete beharginen ordezkariei absentismoa ere murriztu behar dela.
SEPIrekin zorra bideratzeko akordioa lortu daitekeela uste du inbertsio funtsak, baina nabarmendu du hori egon ezean ez lukeela erosketa gauzatuko.
Enpresarako neurriak
Egungo egoera bideratzeko, Cap Capitalek 50 milioi euro baliatzeko asmoa dauka, baina guztia ez litzateke inbertsioa izango, zati bat kapital zirkulatzailea izango litzateke eta. Horri lotuta, funtsak aipatu du ez dituela azpiegitura guztiak erosi nahi.
Horrez gain, proposatzen dute geotermiaren merkatuan sartzea eta eremu geografiko berrietara zabaltzea (Angolako datu zentroetara, adibidez) lan karga berreskuratzeko.
SEPIrekin akordioa egon ezean, ez dute inbertsiorik egingo
SEPIk duen 150 milioi euroko zorrari dagokionez, funtsak azaldu du uste duela negoziazio bitartez ekidin daitekeela oztopoa, baina aipatu dute zorra bere gain hartu behar izanez gero, ez direla operazioan sartuko.
Hainbat iturri sindikalek iradoki diote Aiaraldea Komunikabideari industria planean erakutsitako zehaztasun faltak ez diela konfiantza osoa transmititu. Esaterako, ez dute komunikatu zenbat enplegu eta zein mota suntsitu nahi duten, ez baitu kostu bera zuzendaritzako kide bat edo behargin bat kaleratzeak, edota zenbat diru inbertituko dutenere, hau dena iturri sindikalen hitzetan betiere.
Halaber, langileen ordezkariek ez dituzte bideragarri ikusten balizko erosleak planteatutako zenbait neurri, Langraitzeko lantegia ez erostea kasu. Izan ere, iturri sindikalen aburuz, bertan egiten diren piezak ezinbestekoak dira geotermiarako edota petroliorako produktuak ekoizteko.