Amurrioko Tubos Reunidoseko sindikatu orok (ELA, LAB, UGT, ESK, CCOO daude ordezkatuta lantegian) zenbait ekimen adostu dituzte gaur, enpresa likidazio prozesuan sartu den unean. Berez, bilera urrats hori baino lehen zegoen aurreikusita, baina gaur batzarrean ordezkari sindikalek sinatu eta jakinarazi dute SEPI eta Espainiako Ogasun Ministerioari bilerak eskatuko dizkietela egoeraren berri emateko.
Izan ere, beharginen antolakundeen ustez, bi erakundeen jarrera oztopatzailea da administrazio konkurtsoari irtenbidea bilatzeko orduan, enplegua mantentzeari begira gutxienez.
Berez, sindikatuek gogoratu nahi diote SEPIri bere helburua "enpresa-jarduerari eusten laguntzea dela", eta baita "sektore estrategikoak zaintzea eta enplegua babestea" ere.
Halaber, mahairatu dute zuzendaritzaren praxi txarrak eta ardugabekeriak ezin dituztela arriskuan jarri Amurrioko lantegiko 900 enpleguak, eta gainontzeko lantegietakoak ere.
Oroitu beharra dago konpainia administrazio konkurtsoan dagoela eta oraindik airean dagoela zer gertatuko den proiektu industrialarekin eta sortzen dituen lanpostuekin. Hain zuzen, enpresa eskuratzeko interesa erakutsi duten zenbait konpainiek adierazi dute ezinbestekoa dela SEPIren zorra berregituratzea salmenta egikaritu dadin.
Aurreko ostegunean Oier Bidauzarraga LAB sindikatuko ordezkaria egon zen Azalera podcastean gaiaren inguruan mintzatzen: