Tubos Reunidos

ESK sindikatuak berretsi du Welspun multinazional indiarrak ez duela Amurrioko Tubos Reunidoseko lantegia erosi nahi

Aitor Aspuru Saez

Trapagako Tubos Reunidoseko lantegian 2018an egindako mobilizazioa.

Atzo Trapagan izandako bileran hori azaldu zien sindikatuei enpresako ordezkaritzak. Murrizketak eta kaleratzeak ere aurreratu zituen.

ESK sindikatuak prentsa oharra zabaldu du argitzeko Welspun multinazional indiarrak atzo adierazi zuena Trapagan; besteak beste, ez duela Amurrioko lantegia bereganatzeko interesik.

Langile erakundeak informazio hori partekatu du hedatu diren zenbait bertsiori aurre egiteko. Bere ustez, zenbait sindikatuk multinazional indiarrak esandakoa edulkoratzen eta datu okerrak partekatzen ari dira. Zehazki, ESKren aburuz, Welspunek eman ez dituen bermeak aipatzen ari dira beste sindikatu batzuk.

Murrizketak Trapagan ere

Konpainia asiarraren ordezkariek aipatu zieten atzo egindako bileran 50 herrialdetan dutela presentzia eta operazioa Europara zabaltzeko estrategiaren barruan dagoela. Halaber, plan hori Trapagara mugatzen zela adierazi zuten. Beste hitz batzuetan, ez dute aurreikusten Amurrio edo Langraitz Okako unitateak bere gain hartzea.

Dena den, Welspungo bozeramaileek hitz gozoak baino gehiago izan zituzten eta murrizketak eta kaleratzeak iragarri zituzten, lantegia erosiz gero.

Alegia, kostuak zazpi edo zortzi milioi eurotan murrizteko helburua azaldu zuten, 57 urtetik gorakoentzako aurretiko erretiroen bitartez. Hori nahikoa izango ez balitz, lan hitzarmena aldatzeko aukera ere plazaratu zuten.

SEPIren zorra oztopo

Edonola ere, eskaintza indarrean mantentzeko traba handia aipatu zuen konpainiak: SEPIren zorra. Kapital indiarraren ordezkariek ziurtatu zuten ez dutela horren erantzukizuna hartuko, berregituratzen badute ere.

Erakunde publikoentzako mezua

Aipatutakoaz gain, ESK-k salatu du Langraitz Okako langileen egoera, administrari konkurtsalak jakinarazi baitie ez dutela azaroko soldata kobratuko.

Sindikatuak leporatu dio Eusko Jaurlaritzari beharginen interesak ez babestea eta arazoa eragin duen zuzendaritza modu irmoan defendatzea.

Bide batez, SEPIri eta Estatuko Abokatuari egotzi die jarrera oztopatzailea mantentzea industria proiektuaren kalterako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide