Espartero jeneralaren panpina erreta ospatuko dute udako solstizioa Arakaldon

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 19a, 07:00

Espartero jenerala irudikatzen duen panpina erretzeko ohitura dute. / Aiaraldea.eus

Aurreko urteetako ohiturari jarraiki, Espartero jenerala irudikatzen duen panpina erreko dute Arakaldon udako solstizioa ospatzeko. Badituzte horretarako arrazoiak: militar espainiarrak herria erretzea agindu zuen 1835. urtean, bere aurkako enbor-bonba batek eztanda egin ostean.

Oso zabaldua dago udakoi solstizioa ospatzeko pizten diren sutan panpinak erretzeko ohitura. Amurrion sorgin baten figura erretzen zen, Otsemeak talde feministak duela bi urte eginiko ekintza batek ohitura birplanteatzea ekarri zuen arte.

Arakaldon, aldiz, ohitura berri bat ezarri dute azken urteetan: Espartero jenerala irudikatzen duen panpina erretzea. Ekainaren 23an jarri dute horretarako zita, zortzietan herriko plazan.

Militar eta politikari espainiarra izan zen Joaquín Baldomero Fernández Espartero Álvarez de Toro. Lehen Karlistadan bete zuen eginkizunagatik da ezaguna batik-bat. Baina Arakaldoko herritarrek ez dute pertonaia historikoa bereziki maite. Badituzte bera gorrotatzeko arrazoiak, 1835. urtean herria erretzeko agindu baitzuen jeneralak.

Txomin Egiluz eta Markel Iturrizar arrankudiagarrek gertaera hori ikertu dute. Euren esanetan, Esparteroren aurkako enbor-bonba jarri zuten Arantzazuerrekan (Aretan). Eztandak jenerala, bere zaldia eta hainbat soldadu zauritu zituen, eta horregatik agindu zuen militarrak Arakaldo kiskaltzea, mendeku gisa. Egiluz eta Iturrizarren arabera, ia herri guztia suntsitu zuen suak. Bi baserri, eliza eta udaletxea soilik salbatu ziren.

Arakaldoko Jaiak uztailean
Ekainaren 23ko jaiaren ostean etorriko dira Arakaldoko Jaiak. Uztailaren 12tik 14ra luzatuko direla aurreratu dute antolatzaileek, baina oraindik ez dute egitarauaren berri ematerik izan, ekintzak lortzen dihardutelako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide