“Nahiz eta ondo sentitu, baliteke koronabirusa hor egotea”

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mar. 14a, 09:19

Jabi Asurmendi, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Koronabirusaren sintomekin isolatuta dago Jabi Asurmendi arakaldoarra azken egunetan. Sintomak zituelako bakartu dute nahiz eta positibo ez eman, arazo larririk ez zuenez ez baitiote froga egin. Gaixo eta herritar gisa bere esperientzia kontatu du, eta herritarren erantzukizuna azpimarratuta: "Herriak soilik salba dezake herria. Laguntza komunitarioa oso garrantzitsua da horrelako egoera batetik ateratzeko". 

Herenegun hasi zen sintomekin Jabi Asurmendi arakaldoarra: “Hasieran nire buruak eragindako sintoma zela pentsatu nuen, asteazkenean sukarra izan nuen arte. Goiz erdian ahulago sentitu nintzen, sentikorrago. Jendearekin ez egoteko etxera joatea erabaki nuen, eta sukarra jaisteko Paracetamola hartu nuen, 37º banituen ere ”. Sukarra askorik ez zaiola igo dio, baina eztula, doministikua eta sukarra zituenez Osakidetzara deitu zuen: “Ezinezkoa zen hitz egitea, kolapsatuta zegoen. Euskarazko aukera markatuta ezinezkoa zen, eta gaztelerazko zerbitzuan lineak okupatuta zeudela eta itxaroteko eskatu zidaten. 57 minutu inguru egon nintzen telefonoan zain”.  

Osasun Zentrora deitu zuen jarraian, 14:00etan, baina esan zioten biharamunean jarriko zirela harekin harremanetan. “Lagun baten amari heldu zaio nire kasua, eta mediku jubilatua denez, aholku profesionalak eman dizkit. Asko eskertu dut”. Gainera, medikuak bere burua eskaini du telefonozko arreta zerbitzuan laguntzeko, “izugarria da jendea egiten ari den lana, bereziki eskertzekoa da”. Etxeko segurtasuna mantentzea izan da eskatu dioten neurri nagusia: “Nire egoera okertzen ez bada ez didate froga egingo. Ez dago baieztatuta koronabirusa dudan, baina sintomek positibotzat kokatzen nautenez, nola jokatu esan didate. Protokoloa ezagutzen banuen ere, asko eskertu nituen aholku profesionalak”.

Medikuen arreta
“Medikuak telefonoz deitu nau zer egin behar dudan esateko. Orain hobeto sentitzen naiz, animotsu nago. Hala ere, txarren daramadana da geratuta nengoen lagunekin ezin egotea eta familiarekin kontaktua ez edukitzea. Ezin dugu maite dugun jendea besarkatu, ezta beraiekin bazkaltzen egon”.

Herritarren eta zaintzaren garrantzia
Herritarrei zabaltzeko mezua argi du: “Zorrozki kasu egin osasun zerbitzu eta administrazio publikoetatik datozen gomendioei. Asteburuan familan elkartu ginen eta bik izan ditugu sintomak. Denak geunden ondo, inork ez zuen uste kutsatuta geundenik, baina gure artean hedatu da. Nahiz eta ondo sentitu baliteke koronabirusa hor egotea. Herri gisa arduraz jokatu behar dugu”. Hori dela eta, auzolanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: laguntza eskaintza, lan boluntarioa... “Pertsona eta herri bezala, sekulako garrantzia dauka. Herriak soilik salba dezake herria, eta laguntza komunitarioa oso garrantzitsua da horrelako egoera batetik ateratzeko”.

Zentzu horretan, ondorio positiboak ere atera ditu egoeratik: “Zaintza eta lana partekatzea posible da telelanaren bidez. Ohiturak aldatzeko eta zaintza lana zein garrantzitsua den jakiteko balioko du egoera honek”. Hamaika Telebistak elkarrizketa egin dio Arakaldoko alkate eta Udalbitzako lehendakariari:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide