Gau Beltza ospatuko dute Arakaldon

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 26a, 07:00

Arakaldon egingo dute jaia, larunbatean. / Euskaltzaleen Topagunea

Gau Beltza ospatzeko ekimena egingo du Kokoriko Hezkuntza Faktoriak datorren urriaren 31n, Laudioko Deabruak, Sorginlarren, Berbalagunak, Basalarrina, Kirikiño taldeekin elkarlanean. Kalabazak jaso eta apainduko dituzte goizean, eta familiei zuzendutako jaia egongo da arratsaldean.

Gau Beltza ospatzeko aukera egongo da datorren urriaren 31n Aiaraldean. Sei eragilek (Laudioko Deabruak, Sorginlarren, Berbalagunak, Basalarrina, Kirikiño eta Kokoriko Hezkuntza Faktoria) indarrak batu dituzte egun osoko egitaraua osatzeko.

11:00etan bilduko dira, Laudion, Kirikiño aisialdi taldearen ortuan. Kalabazak jaso eta apaintzeko tailerra egingo dute bertan. Arratsaldean, aldiz, Arakaldoko txokoan jarri dute zita, 19:00etan. Familientzako Gau Beltza Jaialadia egingo dute bertan, hainbat jarduerarekin: ipuin-kontaketak, ibilbide magikoak, errituala, sua piztea eta gaztainak jatea, besteak beste. 

Ekintzetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, ondorengo Internet helbidean: www.labur.eus/gaubeltza2020. Doakoa izango da ekintza. 

Egun osoko egitaraua prestatu dute hainbat elkartek urriaren 31rako, familiei bideratuta

Beste pauso bat

Gau Beltza ospatzearen ideia ez da ezerezetik sortu. Azken urteetan hainbat ekimen burutu dira Euskal Herrian tokiko jatorrizko tradizio hori berreskuratzeko, Estatu Batuetatik inportatutako “Halloween” jaiaren aurrean. “Ehunka lekukotzek adierazten duten bezala, Euskal Herrian eta Aiaraldean ere, aspaldi ospatu izan den gaua da Domu Santu eguneko bezperarena”, azaldu zuten Kokorikoko kideek gaiairi buruz 2018an plazaratutako dossierrean. Jai hori berreskuratu eta ospatzeko ideiak bildu zituzten txosten horretan, helburu honekin: “Modu dinamiko batean, Arimen Gaua lantzen hastea da. Duela 60 urte ospatzen zen gaua berreskuratu eta gaur eguneko errealitatera ekartzeko”.

Horri begira beste pauso bat eman zuten iaz. Arimen Gaua ospatzeko kanta sortu zuten, eskualdeko hainbat sortzailerekin elkarlanean. Igon Olaguenaga trikitilariak konposatu zuen musika eta Izar Mendiguren bertsolariak egin zuen letra. Okher eta Aiala abeslariek jarri zuten ahotsa, hainbat umerekin batera. 

 

Gauzak hala, datorren urriaren 31ko jaiarekin pausu bat harago eramango dute egitasmoa, paperean eta kantan islatutakoa praktikan jarriz. 

Topagunearen dinamika

Euskaltzaleen Topaguneak ere bere alea jarri du Gau Beltzaren berreskurapenean. Balibide kutxa eta webgunea (www.gaubeltza.eus) sortu ditu erakunde horrek. Dokumental bat ere plazaratu dute, webgunean ikusgai dagoena. 

Itzalitako kalabazen berpiztea lan etonografikoa izan da topaguneko kideen abiapuntua. “ Argitalpen horretan urriaren 31 iluntzean egiten diren ospakizun berriak aztertu eta jaso zituzten Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek”, azaldu dute, “oinarri bat izan da lan hori ondoren egindako prozesurako eta baliabide kutxa egiteko”.

Euskaltzaleen Topaguneak webgunea eta baliabideen kutxa prestatu ditu, Gau Beltza ospatzea sustatzeko

Ospakizuna egiteko moduan eta lantzen diren balioak nabarmendu zituzte topaguneko kideek: “Euskara, komunitatea, gazteen protagonismoa, naturarekiko harremana, berdintasuna, genero rolak apurtzea eta tokian tokiko ohitura eta aukerei egokitzea. Horiek dira Euskaltzaleen Topagunetik landu nahi izan diren balore eta ezaugarrietako batzuk”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide