Geroz eta haur gehiago aritzen dira mozorrotuta Domu Santu bezperan -urriak 31- eskualdeko kaleetan, "Halloween" jaia ospatzen. Askorentzat festa arrotza da, baina azken urteotan hainbat ikerlarik aditzera eman dituzten lanek adierazten dute oso bertako ohitura dela "arimen gaua" mozorroz, beldurrez eta kalabazez ospatzea, Europako hainbat herrialdeetan egiten den bezala.
Jatorrizko ospakizuna berreskuratzeko pausoak emateari ekin diote Euskal Herriko hainbat lekutan, eta gurean Aiaraldea Ekintzen Faktoriak ere norabide horretan egin nahi izan du ekarpena; "jai giro kontsumista albo batera utzi, eta gure aiton-amonek duela ez urte asko gau hau ospatzen zuten modua berreskuratu nahi dugu" adierazi du Aritz Lili Faktoriako kideak.
Horretarako, eskualdeko eskola guztiei helaraziko dieten dosierra prestatu dute. Bertan, arimen gauaren izaera, eskualdeko zein kanpoko lekukotzak eta gau hau ezaugarritzen duten hiru elementu nagusien gaineko informazioa bildu dute: mozorroak, kantu-eskea eta kalabazak.
Aiaraldea Ekintzen Faktoriak informazio eta proposamenez osatutako dosierra zabaldu du eskoletan
Informazio jakingarri horrekin batera, haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasgeletan lantzeko hainbat proposamen eta jolas jaso dituzte Faktoriako kideek, "bertako ondarea eta ohiturak sustatu eta Halloween jai kontsumistari alternatiba proposatzea da helburua, eta noski, euskaraz egitea”, azaldu du Lilik. Aiaraldea Ekintzen Faktoriaz gainera, eskualdeko beste hainbat tokitan pizten ari dira Halloween modu arrotzari buelta emateko esperientziak: Arrankudiagan, Artziniegan...
Jaiaren arrastoak eskualdean
Aiaraldeko historia eta ohituretan jai horren hainbat zantzu topatu daitezke; kalabazak, adibidez. “Umeak ginenean, urrian, Domu Santu Eguna hurbiltzen zenean baratzetara jotzen genuen eta kalabazak hartzen genituen”, oroitu du Jose Luis Fernandez Zurbitu artziniegarrak, “goitik mozten genituen eta hustu ostean begiak eta ahoa egiten genizkien kandela barruan sartzeko”.
Orozkon ere topatu daitezke antzeko erreferentziak. Anuntxi Araba antropologo aiararrak herri horretako kondaira bat jaso zuen bere ikerketa batean, zeinetan bizilagun batek kalabaza bat jartzen zuen buruan beste pertsona bat izutzeko.
“Orozkon antzina argi urdin batzuk jartzen ziren, espirituak uxatzeko”, azaldu du Felix Mugurutzak, “ohitura hori Ipar Amerikara iritsi zen gero, eta bertan kalabazak erabiltzen hasi ziren, haragiaren kontsumoa -goseteen ondorioz- ez baitzegoen horren hedatua. Ondoren, bueltan etorri zaigu berriz”. Ikerlari luiaondoarraren aburuz, azaroan ospatzen diren hainbat ospakizun (Domu Santua edo Gaztain Eguna, kasu) erro edo funtzio berdina dute: ziklo baten amaiera markatzea; udarena, hain zuzen.