Arakaldoko irisgarritasun plana, abian

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 23a, 09:00

Jabi Asurmendi alkateak azaldu dizkigu planaren nondik norakoak. 

Herri batzarra egin zuten Arakaldon asteazkenean, herrian egitekoa den irisgarritasun plana aurkezteko. “Herritarren iritziak jaso eta lehentasunak zehaztea izan zen bileraren helburua”, azaldu du Jabi Asurmendik. Alkateak azaldu duenez, 13 pertsona inguru bertaratu ziren zitara, eta uneoro errespetatu zituzten COVID-19a prebenitzeko ezarritako neurriak. 

Irisgarritasun plan baten ezaugarriak azaldu zituzten lehenbizi. “Jaiotzen garenetik nagusitzen garen arte irisgarritasun aldetik zer nolako mugak dauden azaldu zigun aholkulariak, oso interesgarria izan zen”. 

Planteatzen diren neurriak

Udalerriko hainbat gune aztertu dituzte plana osatzeko, alkateak azaldu duenez. “Udal eraikinak eta herriko hainbat eremu aztertu dira, hainbat ikuspuntutatik: mugikortasuna, segurtasuna eta generoa”. 

Modu horretan zehaztu zuten egin beharreko lehen lana: Errekatxu txokoa eta bolatokia irisgarria egitea. “Ekintza horri dagokionez jada aurreratu gara udaletik. Foru Aldundiaren diru-laguntza batera aurkeztu genuen proiektua eta eginda dago jada”, jakinarazi du Asurmendik, “Bolatokiko zuloa estaltzeko asmoa ere dugu, egurrezko xafla mugikor batzuekin, espazio guztia maila berean erabili ahal izateko”. Zeuden desnibelak kendu dituzte horretarako. Bolatokiaren zuloa estalita, eremu osoa erabilgarri bihurtzea da tokiko erakundearen asmoa. 

Hainbat urte beharko dituzte obra guztiak egiteko. Herritarrek zehaztutako lehentasunen arabera arituko dira

Udal eraikina irisgarria bihurtzea da planteatutako beste erronketako bat. “Hori da, hain zuzen, herritarrek batzarrean lehentasun gisa markatu zuten ekintza”, aipatu du gobernuburuak, eta horretarako zein pausu emango dituzten azaldu du: “Sarreretako batean aldapa egingo litzateke horretarako, beste sarreran eskailerak mantenduta. Ikusmen edo mugikortasun arazoren bat duen pertsonaren bat bertaratuko balitz teknikaria batzar aretora jaitsiko litzateke, herritarrari bertan harrera egiteko”.

Oinezkoentzako tokia berreskuratzea

Oinezkoentzako lekua ere berreskuratu nahi dute, plazatik igarotzen den errepidean. Bidean hainbat ikur margotuko dituzte horretarako, “aditzera emateko oinezkoak direla toki horren jabeak eta autoak, aldiz, gonbidatuak”. 

Herrian dauden hainbat bidetan ere egin nahi dituzte lanak, Asurmendik aurreratu duenez: “Toki askotan espaloiak ez dira jarraiak. Badaude gune batzuk espaloirik ez dutenak”. 

Horrez gain, eserleku eta hesiren bat jarri nahi dute herrira igotzeko aldapan, oinez doazenek atsedena hartzeko aukera izan dezaten. Genero ikuspegia ere aintzat hartuko dute, herrian dauden gune ilun batzuetan obrak eginda. 

Hainbat urtetako lana

Asurmendik aitortu du hainbat urte beharko dituztela planean jazotako lan guztiak aurrera ateratzeko, “aurrekontua handiegia delako Arakaldoren tamainako udal batentzat”. Gauzak hala, batzarrean zehaztutako lehentasunen arabera joango dira obrak egiten, urtez urte. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide