Herri liburutegia ireki dute Arakaldon

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 16a, 06:30

100 liburuko bilduma osatu dute. / Jabi Asurmendi

Feminismoa hizpide duten edota genero ikuspegitik idatzita dauden 100 liburu topatu daitezke bertan. 

“Herri liburutegia” atondu du Arakaldoko Udalak, udaletxean. Feminismoa hizpide duten edota genero ikuspegitik idatzita dauden 100 liburu topatu daitezke bertan, Jabi Asurmendik azaldu duenez. “2.000 euroko inbertsioa egin dugu, 450 euro bideratu dira apalategiak erostera eta 1.500 liburuak erostera”, zehaztu du alkateak. Espainiako Estatuko Berdintasun Idazkaritzak esleitutako diru-laguntzaren bidez finantzatuko dute egitasmoa. 

Ideiaren jatorria

“Urtero egin izan dugu feminismoari lotutako ekintzaren bat. Autodefentsa feminista ikastaro bat egiten saiatu ginen, baina ez genuen gutxieneko partaide kopurua biltzea lortu, Arakaldo herri txikia delako. Gainera, COVID-19aren eragina ere hor dago”, azaldu du Asurmendik. Horregatik erabaki dute aurten, dirua ekintza bat antolatzeko baliatu ordez, liburutegia osatzera bideratzea. 

Hala ere, alkateak ziurtatu du orain egin dutena ez dela ekimen puntuala izango, liburutegia ale gehiagorekin hornitzeko asmoa baitute, “etorkizun hurbil batean”. Horrez gain, herritarrei ere luzatu diete bigarren eskuko liburuak eramateko deia, proiektua bizilagun guztien artean elikatzeko. 

Maileguan, nahibeste denbora

Liburuak maileguan hartzeko sistema “oso sinplea” izango da, Asurmendik zehaztu duenez. Paper bat egongo da apalaren alboan, liburu zerrendarekin. Maileguan hartzen duenak bertan jarri beharko du noiz jaso eta noiz itzultzen duen. Ez da mailegurako gehienezko denborarik ezarriko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide