Udal aurrekontuetan zehaztu bezala, plaka-fotoboltaikoak instalatu dituzte aste honetan Arakaldoko udaletxean. Hauei esker, udaletxea bera, txokoa eta ur-biltegiak argindarrez hornituko dituzte aurrerantzean. Gainera, herriko txokoa eta udaletxea biomasa sistemaren bidez berotzen dira. "Energia berriztagarriz baino ez dira elikatuko Arakaldoko eraikinak, bat izan ezik" azaldu du Jabi Asurmendi alkateak.
14.000 euro baliatu ditu udalak energia burujabetzaren aldeko urrats hau gauzatzeko. Aurreikuspenen arabera, 11 urtetan espero dute inbertsioa amortizatzea.
Asurmendik aurreratu duenez, udazkenean hasiko dira herritarrekin komunitate energetikoaren gaia lantzen; udalerriko etxebizitzak sistema berri honen bidez hornitzeko ere. Tokiko erakundearen helburuak energia berriztagarriak sustatzea eta deskarbonizazio prozesuan laguntzea dira.