Azaroaren 9an harrera egin zieten Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko zenbait ordezkarik -Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Iñaki Gurtubai alkateordeak- 27 kirolariri. Horien artean Garazi Larrakoetxea arakaldoarra zegoen.
Ekitaldiaren helburua izan zen kirolaren arloan uztailetik irailera bitartean izandako merezimenduak aitortzea, eta atletak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari poztasunez hartu zuela parte egitasmoan, "polita baita lortutakoa aitortu izana". Bere kasuan, Espainiako Txapelketa absolutuan 3. postua eskuratzea balioetsi zuten.
Egun, Larrakoetxea hurrengo denboraldiaren prestaketan sartuta dago buru-belarri, urtarrilean emango baitiote hasiera pista estaliko atletismo txapelketei.