Arakaldoko alkate eta Udalbiltzako lehendakari izateari utziko dio Jabi Asurmendik. Hala jakinarazi du berak Twitterreko txio hari baten bidez:
12 urte Arakaldoko Udaletxean zinegotzi eta alkate bezala egon ostean, ez naiz berriro aurkeztuko datozen hauteskundeetan. Halaber, ekainean Udalbiltzaren ardurak ere utziko ditut eta irakaskuntzara itzuliko naiz. Gainera, bizimoduan aldaketa garrantzitsuak datozkigu... pic.twitter.com/v3bjyGXmCs
— Jabi Asurmendi (@jabiasurmendi) March 2, 2023
Asurmendik jakinarazi duenez, Mendabiara joango da bizitzera hemendik gutxira, eta irakaskuntzara itzuliko da, lan hori bere "militantziaren" parte dela nabarmenduta.
12 urte eman ditu Arakaldoko Udalean. Lehen 4 urteak zinegotzi moduan igaro zituen. 2011ko hauteskundek irabazi zituen, baina oso tarte txikiarekin, eta araudiak ezartzen duenaren arabera, zozketa bidez erabaki zen nor izango zen alkatea.
Hurrengo bi hauteskundeak, aldiz, tarte handiagorekin irabazi zituen eta, ondorioz, bera izan da alkatea azken 8 urteetan.
Udabiltzako lehendakari, aldiz, 2019an izendatu zuten. Horrez gain, jardun osoan ekin zion erakunde horretan lan egiteari, kudeatzaile moduan. Ardura hori ere utziko du.
Jabi Asurmendik 12 urte igaro ditu Arakaldoko Udalean, eta 2019tik da Udabiltzako lehendakaria
"Arakaldoko udalaren ardurari eta EH Bilduko militantziari esker benetan maitasun handia diedan hainbat pertsona ezagutzeko aukera izan dut urte hauetan", azaldu du, "ez dut hitzik eskertzeko Arakaldoko eta eskualdeko hainbat lagunek eman didaten guztia".
Dena den, ez du politika albo batera utziko, EH Bildu Nafarroan militatzera igaro baita. Aitortu du erabakia ez dela "batere erraza" izan, "baina behin hartuta, ilusio handia daukat bizitza aldaketa honetan eta gogo handia Mendabian, Nafarroan eta Euskal Herrian ahal dudan ekarpena egiteko".
Udalbiltzan bizitako esperientzia ere jarri du balioan, "Euskal Herriko txoko eta herri ezberdinetako pertsona ederrak" ezagutzea ahalbidetu diolako. Aitortu du "zailtasunak" egon direla bidean, "are gehiago azken urteetan", baina nabarmendu du egon direla "poz handiak" ere, "nirekin daramatzat urte hauetako ibilbideak ikasitakoa, bizi izandakoa, emandako sentipenak eta ezagututako pertsonak, mila esker denoi!".
Balorazio positiboa
Bere lehen lau urteetan oposizioan une gogorrak bizi izan zuen arren, bere jarduera politikoari dagokionez, Asurmendik uste du aurrepausoak eman dituela Arakaldok bere legealdietan: "Proiektu garrantzitsuak atera ditugu; Arakaldo eta Arrankudiaga arteko bidegorria, parkeen hobekuntzak, HAPO berria abiatzea, LED argiak jarri ditugu eta eguzki plakak".
Beste egitasmo batzuk ez dituzte guztiz amaitu, esaterako, araztegi ekologikoa eraikitzeko ikerketa burutu dute eta balizko tokia erabaki, baina ekimena gauzatu beharra dago. Telekomunikazioan edota energia komunitateak sortzeko esparruan ere ez du nahi zuena lortu Asurmendik: "Erakundeetan sartzen zarenean konturatzen zara zenbat oztopo dauden administrazioaren eta legearen aldetik. Instituzioen abiadura oso bestelakoa da. Esaterako, udaletxeko plaka fotoboltaikoak instalatu eta gero, urtebete itxaron behar izan genuen Iberdrolak homologatu arte".
Kultura berria udalerrian
Edonola ere, alkateak uste du egin duten ekarpenik garrantzitsuena izan dela kultura politikoa eraldatzea eta errotzea: "Lehen ez zegoen parte hartzerako grina sortu dugu udalerrian, herri batzarretan adosten dena udal taldearen jardueran islatzen baita. HAPO edo bestelako gaiak landu ditugunean parte hartze jatorra egon da. Adibidez, irisgarritasun plana jorratzeko erredakzioa egin zuen enpresa etorri zen herrira eta ezustekoa izan zen eurentzat ikustea jende askok parte hartzen zuela bileran. Espero dugu kultura hori ez desagertzea".
Ordezkoak, jakinarazteke
Oraindik ez da jakinarazi nor izango den Arakaldoko EH Bilduren zerrendaburua, momentuz ez baita hautagaitzarik aurkeztu udalerri horretan.