Arakaldoko Taldea izena jarri diote herritar plataformari eta Elkarrekin aurrera! hartu dute lematzat. Hori da, hain zuzen, transmititu nahi duten mezua: elkarlana bultzatu nahi dutela Arakaldon, umiltasunez.
Sonia Hidalgo arakaldoarra da plataformako kideetako bat eta berak azaldu dizkio Aiaraldea Komunikabideari taldearen nondik norakoak. Argitu duenaren arabera, “oso gustura” egon dira Jabi Asurmendi alkatearekin, eta “pena handia” eman die joan izanak.
Hori dela eta, talde bat egitea pentsatu zuten orain arteko lanari jarraipena emateko, baina “marka politikorik gabe”. Hidalgoren hitzetan, herrian gutxi dira eta banaketa eragiten du talde politiko ugari hauteskundeetara aurkezteak. “Marka hau aukeratu dugu denok parte hartzeko, ez aukeratu behar izateko talde politikoen arabera. Herritar plataforman gu gaude, kolore guztietako herritarrak”, gaineratu du taldekideak.
“Marka hau aukeratu dugu denok parte hartzeko, ez aukeratu behar izateko talde politikoen arabera. Herritar plataforman gu gaude, kolore guztietako herritarrak”
Asanblada bidez antolatzen dira. Jadanik bi egin dituzte eta jende ugari agertu da laguntzeko prest; baina, azkenean, sei-zazpiko taldea geratu direla argitu du Hidalgok.
Pixkanaka, aurrera
Gazteak dira eta ez dute politika instituzionalean esperientziarik, baina, dagoeneko, martxan ari dira. Badute irudia prest eta orain abokatu batekin ari dira lanean aurkeztu beharreko dokumentu guztiak prestatzen. Oraindik ez dute aurkeztuko duten zerrenda hautatu. Bi aste barru asanblada bidez egingo dutela argitu du Hidalgok, baina ziurtatu du aurkeztu beharreko dokumentu guztiak prest izango dituztela epea zabaltzen denerako.
Programari buruz galdetuta, euren asmoan jadanik martxan dauden proiektuekin jarraitzea dela azaldu du Hidalgok: “Hondakinak, energia eta horrelakoak, eta asanbladaren bitartez guk erabakiko dugu zer egin nahi dugun gure herrian”. Aitortu du ez dutela anbizio handiko helbururik: “Gutxi gara eta herria txikia da. Ahal duguna egingo dugu”.