Sonia Hidalgo Arakaldoko Taldeko alkateak ekainean dimisioa aurkeztu eta gero, Humberto Perea jeltzalearen esku geratu da eskumen hori. Perea EAJko zinegotzi bakarra da udalean, baina Arakaldoko Taldeko zinegotziek gobernuburu izateari uko egin ondoren, jeltzaleak onartu du alkate bilakatzea, besteen eskaerari erantzunda.
Ez da ohiko egoera, baina Humberto Pereak adierazi du berak alkatetza hartzeari baiezkoa eman diola erakunde eta politika erantzukizunagatik. "Udalak lanean jarraitu behar du politikoki eta administratiboki eta hori errazteko prest nago, Arakaldoko Taldeko kideak eta herritarrak laguntzeko", azaldu du Pereak.
Jeltzalearen aburuz, nahiko ohikoa da herri txikietan zailtasunak egotea bizilagunek parte har dezaten politikan eta udalgintzan: "Herri askotan gertatzen da. Hori demokraziarentzat arriskua da, ez baita lortzen herritarrek eskura dituzten erabakitzeko tresnak baliatzea. Suposatzen dut jendeak ikusten duela desabantailak handiagoak direla, abantailak baino".
Humberto Perea, eskarmentua alkatetzan
Arakaldoko alkatetza ez da bere lehen esperientzia gobernuburu gisa Humberto Perearentzat. Izan ere, Perea Zeberioko alkate izan da bi legealditan, 2003tik 2011ra bitartean. Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundian ardurak izan ditu eta baita Bizkaiko Buru Batzarrean ere.