Dimisioa aurkeztuko du Sonia Hidalgok Arakaldoko alkate moduan. Datorren ostiraleko plenoan utziko du kargua, gai ordenean zehazten denez. Horrez gain, zinegotzi berri bat sartuko da udalbatzan, baina oraindik ez dute zehaztu nork beteko duen aurrerantzean kargua.
Idazkari kontu-hartzailerik ez izatearen eta horren ondorioz pilatutako lan-kargaren ondorioz erabaki du Hidalgok dimisioa aurkeztea. Hala azaldu dio alkateak berak Aiaraldea Komunikabideari: "250 biztanle baino gutxiagoko herrietan, alkatea astean egun batez liberatuta dago Udalaren zereginetarako. Urtarrilean idazkari kontu-hartzailerik gabe geratu ginen, eta gaur egun oraindik ez daukagu teknikari egonkorrik. Hau funtsezko pieza da udaletxe batean".
Gauzak hala, Hidalgok azaldu duenez, "lan bolumena handitu" egin da Udaletxean, eta bestelako "egoera pertsonalak" ere gertatu dira. Horren ondorioz, gaur egun berak ez du bitarteko nahikorik alkatearen zereginei "modu eraginkorrean" aurre egiteko. "Gauzak hala, une honetan erabaki arduratsuena da zeregin horiek bete ditzazkeen norbaiti paso ematea", ondorioztatu du gobernuburuak.
Arakaldoko Taldeko zerrendaburu moduan aurkeztu zen Hidalgo iazko udal hauteskundeetara. Hainbat bizilagunen artean sortu zuten herritar plataforma hori, jarraipena emateko Jabi Asurmendi alkate ohiak aurreko bi legealdietan eginiko lanari. Arrakasta izan zuen proposamenak, Udalbatzako ordezkari guztiak eskuratu baitzituzten:
"Arakaldoko Taldea proiekzio politikorik ez duen auzo-ekimena da. Bere helburu nagusia da herria eta arakaldarren bizi-kalitatea hobetzeko proiektuak burutzea". Hala azaldu zuen Hidalgok berak Aiaraldea Komunikabideari iazko abenduan eskainitako elkarrizketan. Solasaldi horretan aitortu zuen "lan gogorra" zela udalerriari dedikazioa ematea, "baina baita gogobetegarria ere".