ITXASO BETES

"Euskaraldiak hizkuntza biziarazteko arrazoiak ematen dizkit"

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 20a

Aiaraldeko Hamaikakoa osatzen du Itxaso Betesek. / Aiaraldea.eus

ITXASO BETES irakaslea da eta baita Aiaraldeko Hamaikakoaren kidea ere. Euskaraldiaren enbaxadorea den aldetik, esperientzia nola bizi duen galdetu diogu.

Zer da Euskaraldia zuretzat?

Euskaraldia urteko une berezia da niretzat. Batez ere euskararen inguruko hausnarketarako aukera ematen didalako: “Euskararen alde egin dezakedan guztia egiten ari naiz? Non nago? Non egon nahi nuke?” Horrela, bi urterik behin behintzat erronkak ipintzen dizkiot neure buruari: gehiago hitz egin euskara hutsean, jende gehiagori euskaraz zuzentzen saiatu… Baina egia da, eguneroko bizitzaren erritmoan, denborarekin ahalegin horiek lausotu egiten direla. Eta horregatik da hain garrantzitsua Euskaraldia: berriz pizteko aukera ematen dit, norabidea berrikusteko eta ahaleginari zentzua emateko. Horrez gain, Euskaraldiak motibazioa ematen dit. Ez naiz bakarrik sentitzen. Kaleko pegatinak, txapak, mezuak... guztiek gogorarazten didate mugimendu handiago baten parte naizela, beste askok ere erronka berdina dutela. Eta hori indar handia da. Giza-mugimenduak horixe baitira: elkar animatzeko, elkarri eragiteko eta elkarrekin urratsak emateko guneak. Horregatik, Euskaraldiak bultzatzen nau, eta motibazio berrituarekin jarraitzen dut bidean. Azkenik, Euskaraldiak herri honen parte izatearen sentimendua indartzen dit. Euskara ez da soilik hizkuntza bat, nire identitatearen parte da. Euskaldun izateak harro sentiarazten dit, komunitate baten parte naizela gogorarazten dit. Eta horrek hizkuntza erabiltzeko arrazoiak baino gehiago ematen dizkit: hizkuntza biziarazteko arrazoiak ematen dizkit. 

Nola parte hartuko dut bertan?

Aurten ere ahobizi izango naiz, konpromisoa bizirik mantentzeko eta euskaraz bizitzen jarraitzeko. Badakit ez dela beti erraza, baina ez dut zalantzarik: euskara hautatzea egunero da gure hizkuntzari eusteko modurik eraginkorrena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide