Arakaldoko Herriko Tabernako txokoarentzako balizko erabilerak aztertzen ari da Udala, eta "prozesu parte hartzailea" abiatu du bizilagunen ideia eta proposamenak jasotzeko.
Tokiko erakundeak azaldu duenez, gaur egun gutxi erabiltzen da espazio hori, eta horregatik nahi dute bere funtzionamenduaren inguruan hausnartu. Herritarrek Udalaren webgunearen bidez (Kexen, iradokizunen eta eskerren atalean) egin ahalko dituzte ekarpenak, ostiralera arte.
2018. urtean egin zituzten Herriko Taberna aisialdi gune moduan atontzeko obrak. Elektrizitate, berokuntza eta ur sistemak berritzeaz gain, beheko solairuko barra kendu eta erabilera anitzeko bi areto atondu zituzten, sukaldea eta komuna mantentzearekin batera. Goiko pisuan ere antzeko guneekin atondu zuten espazioa. Horren ostean, txoko moduan alokatzeko aukera ematera pasa ziren, gaur egun arte.
Urte batzuk lehenago, 2010ean, Arakaldoko Herriko Tabernak "ospea" hartu zuen ezuztean, Jordi Evole kazetaria (garai hartan "El Follonero" ezizenarekin ezaguna zena) bertan sartu zenean, lokalaren izenagatik erakarrita, Ezker Abertzaleak kudeatutako gune bat izango balitz bezala.