JAIONE MORGAETXEBERRIA eta JOSEBA MARTIN A2 Ados plataformako kideak dira. Igandean plataformak Arrankudiaga-Zollon egin zuen herri galdeketaren inguruan mintzatu dira.
Galdeketa amaituta, zein da plataformatik egiten duzuen balorazioa?
Martin: Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. %61eko parte hartzea lortzea oso inportantea izan da guretzat. Gure helburua beti izan da parte hartze handia egotea, eta helburu hori lortu dugula esango nuke. Baiezko eta ezezko kopurua, aldiz, ez dugu horren garrantzitsutzat hartzen.
Badago beste gauza bat herri galdeketarekin ere lortu duguna: ilusioa sortzea. Jendea oso ilusio handiarekin etorri da galdeketara. Ideologia ezberdinetako jendea, erlijio ezberdinetakoa... eta nik uste dut gauza mankomunatu batean parte hartzen ikusi dutela euren burua. Eta hori guretzat oso lorpen inportante eta positiboa izan da, zalantzarik gabe. Arrankudiaga-Zolloko herria zoriondu nahi dugu.
Morgaetxeberria: Kalean egon den giroa ere azpimarratzekoa izan da. Jaietan baino jende gehiagok hartu du parte. Nik uste dut alaitasun sentimendu horrek frogatzen duela parte hartzeko eskubidean bete-betean sinesten dugula eta eskubide hori gauzatzeko gai garela.
“Ez dakigu nolakoa izango den datorren igandean Katalunian emango den argazkia, baina ziur ez dela izango Arrankudiagan bizi izan duguna bezalakoa”
Herri galdeketa eta jaia gatazkarik gabe aurrera eraman ahal izan dituzuela aipatu duzue. Katalunian antzeko egoera bat ikusi ahal izango da datorren igandean?
Martin: Ez, ezezko borobila. Nik uste dut Espainiako Gobernuak helburu konkretu bat duela datorren igandeari begira: Kataluniako biztanleen parte hartzea izorratzea. Espainiako gobernuak argazki konkretu bati dio beldurra: Kataluniako 3 milioi biztanlek prozesu horretan parte hartzea eta demostratzea demokraziaren eskubide minimo hori praktikara eraman nahi dutela.
Horrek Estatu Espainiarrean sekulako beldurra sortzen du, eta horregatik hasieratik saiatu dira prozesua izorratzen. Erreferendumaren prozesua izorratzen hasi ziren, eta orain herri kontsulta izorratu nahi dute. Ez dakigu nolakoa izango den datorren igandeko argazkia, baina ziur ez dela izango Arrankudiagan bizi izan duguna.
Dena dela, Kataluniari keinu bat egin nahi izan diozue galdeketan.
Morgaetxeberria: Jakina, gure erreferentzia izan da. Bai Katalunia eta baita Eskozia, Etxarri edo Gure Esku Dago-ren giza katea ere. Horiei begiratuta hasi ginen galdeketan pentsatzen. Hasieran pentsatzen genuen erreferentzia horiek gugandik urrun zeudela. Baina apurka-apurka ikusi dugu gurean ere gauzatzen joan dela, eta orain ikusten dugu zer lortu dugun. Hemengo esperientzia beste herri batzuetan zabaltzeko balio izatea espero dugu.
“Arrankudiaga- Zolloko herriari begira eman behar dugu lehenengo erantzuna. zalantzarik gabe”
Herrian ilusioa sortu dela aipatu duzue lehen. Zer egingo duzue ilusio hori mantendu dadin?
Martin: Galdeketaren balorazio bat egingo dugu lehenbizi. Plataforma moduan abiatutako dinamikarekin jarraituko dugu, prozesu osoa bete arte. Nik uste dut lehenengo erantzuna herriari begira eman behar dugula, zalantzarik gabe. Hau da, herri osoari zabaldu behar diogu galdeketan zer emaitzak eman diren eta plataformatik zer nolako balorazioa egiten dugun. Herritarrak zoriontzeko unea ere izango da. Gero? Ikusiko dugu. Gure artean baloratuko dugu.
“Alderdiek badute gertatu denaren inguruan eztabaidatzeko zenbait arrazoi”
Herriko bi sentsibilitatea politiko handienak ados eta elkarlanean jarri zarete, Udaleko hemendik aurrerako jardunean eragina izango du horrek?
Martin: Ez dakigu. Halako plataforma baten bidez helburu mankomunatu batzuk adostea ez da erraza aurretik zubirik eraikita ez badago. Eta kasu honetan egon dira. Baina gero hori eguneroko dinamikan txertatzea, alderdien interesak medio, zailagoa da, zalantzarik gabe. Hor daude emaitzak, egunean zehar egondako giro polita... ikusiko dugu herriko beste alor batzuetan ere ematen den.
Morgaetxeberria: Abiapuntua izan daitekeela? Ba bai, orain arte ez delako denok elkarrekin egiteko planteamendurik egon. Gutxiengo adostasun bat lortu izan dugu; beste zerbaiten abiapuntua izan daiteke, beraz.
Martin: Alderdiek badute gertatu denaren inguruan eztabaidatzeko zenbait arrazoi, ziur.