Duela urtebete sortu zuten Arrankudiaga-Zolloko Matxinkorta Mendi Taldea, lagun talde baten ekimenez, herrian sakon errotutako mendizaletasunari beste bultzada emateko asmoz.
Ibilbide labur bezain oparoa izan dute orain artekoa. 100 bazkide baino gehiago biltzea lortu dute eta ekintzak ere hamaika antolatu dituzte. Taldeko kideek oso positiboki baloratzen dute harrera, ez zuten inondik inora hainbeste jende elkartzerik espero, eta talde ona osatu dutelakoan daude. Bataz bestez 25 lagun elkartzen dira txangoetan. Oso pozik daude emaitzekin.
Orientazio ikastaroak edota maila desberdinetako irteerak antolatu dituzte 2017an. Besteak beste Pirinioak, Picos de Europa eta beste hainbat txoko bisitatu dituzte.
Baina Matxinkorta Mendi Taldeak Arrankudiaga-Zolloko mendi inguruari eman nahi dio garrantzia. Taldearen jardun nagusia etxe ondoko bideen zaintza eta gailurren ezagutzan sakontzea baita.
Urtarrilaren 21ean mendi ibilaldia antolatuko dute taldearen lehenengo urteurrena ospatzeko. 9:30ean abiatuko dira Arrankudiagatik eta herri inguruko tontorrak bisitatuko dituzte Zolloko urtegiraino igotzeko.