“Ibilaldietan parte hartu duen jendeari eskerrak emateko baliatuko dugu pregoia”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko abu. 8a, 07:00

Matxinkorta mendi taldeko kideak. / Garazi Abrisketa

MATXINKORTA MENDI TALDEA izango da aurtengo Arrankudiagako Andra Mari Jaien pregoilaria. Duela urte bat baino gutxiago sortu zen elkartea, mendizaletasuna sustatze aldera.

Pregoilariak izateko hautatu zaituztete. Nola hartu zenuten berria?
Urtero Arrankudiagako elkarte edo talde batek bota ohi du txupina eta pregoia. Ez dakigu zozketarik egin duten ala ez, baina aurten guri tokatu zaigula dirudi. Pozik gaude,  bai. Tira, horrek lan gehiago egin beharko dugula esan nahi  du... [Barreak] zerbait prestatu beharko dugu!

Hasi zarete pregoia prestatzen?
Momentuz ez dugu ezer egin, baina printzipioz inprobisatu samarra izango dela dirudi. Izan ere, aurten sortutako talde txikia da gurea. Ez dugu gauza handirik esateko, gure ekintzetan parte hartu duen jendeari eskerrak eman eta Arrankudiagako jaietaz gozatzera animatzeaz gain.

Pregoia irakurtzeaz gain, jaietan bestelako ekintzarik egiteko asmorik duzue?
Gure 2017ko egitarauan ez dugu bertako jaiei begira ezer ere ez antolatzea aurreikusi, nahikoa lan eman digu urte osoko irteerak proposatze hutsak!

Hala ere, ez dugu baztertzen hurrengo urterako ekintzaren bat antolatzea: martxa laburren bat herritik zehar, lasterketaren bat edo erakusketaren bat urtean egindako martxen argazkiekin... Nork daki!

Uztargarriak dira mendizaletasuna eta jai giroa?
Bai eta ez. Hau da, gu ez gara mendizale profesionalak, lagun artean sortutako talde bat besterik ez gara. Beraz, gure irteeretan lekutxo bat egiten diogu, mendiaz aparte, beste kapritxo batzuei: lasaitasunean eta lana bete ostean garagardo pare bat hartzeari edo parranda txikiren batean gozatzeko aukerari. Beraz, parranda gehiegi eginez  gero, nor igoko da gero biharamunean mendira?

 

“Garrantzi handia ematen diogu gure herriko mendiak ezagutzeari, pistak berritzeari eta postontzien berrikusketa egiteari”



Oso talde gaztea da Matxinkorta. Nola sortu zen?
Arrankudiagak betidanik izan du mendizaletasuna. Urtero mendi ibilaldiak egiten dira, eta beti jendea animatzen denez, pentsatu genuen ideia ona izan zitekeela taldea sortzea.

Nahiz eta ideia duela denbora asko sortu, parranda txiki batean berotu ginen, mendi talde baten sorreraren nondik norakoez informatu ginen, lan talde polit bat sortu genuen, eta proiektu hau abiatzea erabaki.

Zer nolako ibilbidea egin duzue orain arte? Pozik zaudete lortutako emaitzekin?
Orain arte hainbat txango antolatu ditugu, hainbat lekuetara, hilean bat: Beriainera, Panticosara, Gorbeiara... Gure helburu nagusiena Euskal Herriko eta inguruko mendiak ezagutzea da, baina aparteko garrantzia eman diogu Arrankudiaga inguruko mendiak ezagutzeari, pistak berreskuratzeari, postontzien berrikusketa egiteari, herriko historia ikertzeari...

Momentuz nahiko pozik gaude egindako lanarekin, lehen urtean ia 100 bazkide izatea ez genuen inondik inora espero; eta nahiz eta ekintza guztietan jende askok parte hartu ez, talde polit bat sortu dugula uste dugu.

Udari begira zer egitasmo dituzue buruan?
Udari begira, San Inazio egunean Gorbeiara igoko gara Ibarratik (Orozko), eta irailean Arrankudiagako XVI. Mendi Martxa antolatuko dugu. Abuztuan, aldiz, merezitako oporrak hartuko  ditugu, urtean egingo ditugun ekintzak pentsatzeko denbora edukitzeko.

Eta datorren ikasturteari begira?
Uste dugu hobetzeko hainbat gauza dauzkagula hurrengo denboraldiari begira, hau lehen urtea izan delako. Bazkide gehiago lortu nahi ditugu -gaur egun 100 inguru gara-, leku ezberdinetara joateko asmoa daukagu: Picos de Europara, Monte Perdidora... Eskalada eta orientazio ikastaroak antolatu nahi ditugu baita ere.

Hemendik jendea animatu nahiko genuke mendiak errespetuz ezagutzera, ondo pasatzera eta kirola egitera. Ondo pasa andramarietan, festetan parte hartu eta gora Matxinkorta Mendi Taldea!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide