"Udalerri independentista" izendatu dute Arrankudiaga-Zollo

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mar. 1a, 15:10

A2 plataformak sustatu zuen herri galdeketa. / Aiaraldea

Mozio bidez onartu zen "udalerri independentista" deklaratzea Arrankudiaga-Zollo udalbatzan. Dima eta Larrabetzurekin batera, lehendabizikoak izan dira urratsa ematen. 

Otsaileko bilkuran erabaki zuten Arrankudiaga-Zollo "udalerri independentista" izendatzea. EH Bilduko zinegotziek alde bozkatu zuten, eta EAJkoak abstenitu ziren. Ondorioz, onartu egin zen Independentistak Sarearen eskaera. "Arrankudiaga-Zolloko EH Bilduri eskatu genion mozioa bertan behera uztea eta bi alderdi artean mozio berri bat egitea", azaldu du Urtzi Vergara zinegotzi jeltzaleak, "izan ere, ez genuen ekarpenak egiteko ezta mozioa eztabaidatzeko tarterik izan".

Independentzia Egunean ekitaldia
Martxoaren 18an Independentzia Eguna ospatuko dute Larrabetzun "Burujabe hobe" leloa baliatuta. Egun osoko egitarauaren barruan ekitaldi instituzionala egingo da 13:30ean.

Bertan, Arrankudiaga eta Zollo, Dima eta Larrabetzuko alkate eta zinegotziek euren udaletan onartu den mozioa aurkeztuko dute eta Euskal Herriko independentziaren aldeko udalerriak direla berretsiko dute jendaurrean.

Arrankudiagan eta Zollon 2014ko azaroaren 2an egin zen herri-galdeketa. "Parte hartzea %61.59koa izan zen, eta %89,64ak babestu zuen burujabetzaren erabateko aldekotasuna", adierazi dute. Antzeko emaitzak jaso zituzten Larrabetzun eta Diman ere. Hiru herri horiek izan dira herri independentista izendatu dituzten lehenak.

Mozioa onartzeko argudioak
Mozioan azaldu dutenez, diktadura frankistaren ostean izan diren hauteskunde gehienetan gailendu dira hautetsi abertzaleak. "Komunitate euskaldun, euskaltzale eta abertzalea osatzen dogu. Partekatzen dogun iruditegi kolektiboa unibertso sendo batean kokatzen dogu, eta gure burua munduan kokatuko orduan, Euskal Herria dugu abiapuntu", azaldu dute. Euren burua euskal herritartzat joz deia luzatu dute, izaera eta sentimendu hori elkarbizitzara, herriko eragileen jardueretara eta ekimen kultural zein sozialetara eramateko.

Zentzu  horretan, arduratsu azaldu dira demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako gizartea lortzeko zailtasunen aurrean: "Herri libre batean zoriontsu izateko aukera izan dagigun gura dogu, Euskal Herriak bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabaki dagian. Burujabetza osoa izan behar dauela uste dogu, eta modu eraginkorrena estatu independentea eratzea da".

Erreferendumaren inguruko dokumentala sareratu zuten iaz herritarrek:

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide