Bere jabegoko lurzoruetan etxebizitzak eraiki daitezkeen aztertzeari ekin dio Arrankudiaga-Zolloko udalak. Bilera irekia egin zuten horretarako iragan ostiralean -maiatzak 11- Udaltalde aretoan. “Udal-zoruarekin zer egin daitekeen aztertu eta herritarren iritzia entzuteko aukera izan genuen bertan”, azaldu dute tokiko erakundeko arduradunek.
Bilera hori “lehen pausoa” izan zela nabarmendu dute. “Kronograma adostu zen bertan”. Bideorri horri jarraituz emango dituzte hurrengo urratsak. Alde batetik, inprimaki bat jarriko dute herritar ororen eskura, etxebizitzen balizko interesdunen nahi eta kezkak jasotzeko. Datorren astelehenetik -maiatzak 16- aurrera egongo da eskura, udaletxean.
Bestetik, bileran aipatutako informazioaren laburpen bat osatuko dute, ekimenaren nondik norakoak jendarteratzeko.
Hurrengo bilera, ekainaren amaieran
Aurreratu dutenez, ekainaren amaieran egingo dute hurrengo bilera. “Argi daukagu arlo honetan daukagun benetako beharra detektatzea dela gure lehenengo lana eta helburua”, azaldu dute.