Egitarau oparoa prestatu dute neguko oporrez gozatzeko herritik mugitu gabe

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abe. 17a, 07:00
Hainbat ekintza egingo dituzte frontoian. / Aiaraldea.eus

Hainbat ekintza egongo dira herrian abenduaren 20tik 29ra. Frontoian eta gaztetxean egingo dituzte jarduera gehienak.

Arrankudiaga-Zolloko Udalaren eta hainbat elkarteren artean plazaratu dute neguko oporrei begirako egitaraua. Ekintza andana egingo dute datozen asteetan herrian, eta aniztasuna izango da nagusi jardueretan.

Datorren ostegunean -abenduak 20- izango da lehen ekintza. Liburuak trukatzeko gunea atonduko dute eskolako arkupeetan, 16:15ean.

Hilaren 22an, aldiz, hainbat ekintza egongo dira herrian. Umeentzako jolas parkea eta Arrankugol ekimena egongo dira frontoian 11:30etatik aurrera. 18:00etan, aldiz, Olentzeroren bidaia zoragarria ikuskizuna taularatuko dute, toki berean. Ordu bat beranduago bolatokira mugituko dira herritarrak, bola jokoan arituko baitira bertan haur zein helduak.

Olentzero eta Maridomingi
Abenduaren 24an menditik jaitsi eta herria bisitatuko dute Olentzerok eta Maridomingik. Kalejira egingo dute 17:30ean Garondoko parketik abiatuta. Txokolate jana eta euskal preso politikoen aldeko elkarretaratzea egongo dira gero.

Ekintza ugari Txondor gaztetxean
Txondor gaztetxean ere ekintza ugari egingo dute. Abenduaren 23an inauguratuko dute antzinako argazkien erakusketa, 19:00etan.

24an, aldiz, Gabonak ospatzeko beta egongo da gaztetxean, jaia egingo baitute gaueko hamabietatik aurrera. Abenduaren 26an ere egingo dituzte ekintzak: umeentzako txapelketak egongo dira goizeko 11:00etan eta 3X3 futbito eta dardo txapelketak, aldiz, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Hurrengo egunean Txikik hartuko du gaztetxeko mikrofonoa 19:30ean, bakarrizketa eskaintzeko.

Angel Egañari buruzko hitzaldia
Abenduaren 28an atzera begira jarriko dira Arrankudiaga-Zolloko bizilagunak, Angel Egañari buruzko hitzaldia eskainiko baitute Txomin Egiluz eta Markel Iturrizarrek Udaltalden, 19:30ean. 1938. urtean Valladoliden fusilatutako arrankudiagarra izan zen Egaña.

Abenduaren 29an egingo dute egitarauko azken ekintza. Eskupilota partidak egongo dira frontoian 19:00etan. Pilotari berriak aurkezteko baliatuko dute zita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide