Kepa Barañanoren "Hi eta ni adiskide beti" liburua aurkeztuko da ostiralean Arrankudiagako gaztetxean

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 26a, 07:00
Kepa Barañano bere liburuarekin, artxiboko irudi batean. / Aiaraldea.eus

Liburuaren helburuen artean, euskararen gaztelerarekiko menpekotasuna salatzea eta euskal historiaren "kontakizunaren borroka" irabaztea daudela dio idazleak.

Kepa Barañano idazle laudioarrak Hi eta ni adiskide beti eleberria aurkeztuko du ostiral honetan, azaroak 29, Arrankudiagako Txondor gaztetxean. Idazlearen arabera, eleberriaren helburu nagusietako bat Euskal Herriko historiaren “kontakizunaren borroka” irabaztea izan da: “Guk kontatu behar ditugu hemen gertatutakoak, bestela beste batzuek kontatuko dutelako; hori ezin dugu inondik inora onartu”.

Liburuaren beste xedeetako bat “euskarari prestigioa ematea” izan da, “erdararen morroi” bihurtzen ari dela uste baitu idazleak. “Euskaraz akats asko onartzen ditugu, erdaraz onartzen ez ditugunak. Eta hori zergatik? Nire ustez, euskararekiko begirune faltagatik; eta gure hizkuntzari begirunea izan behar diogu”, kritikatzen du Barañanok. Bestalde, aurkezpenean saldutako liburu guztien diru sarrerak Altsasuko presoentzat izango direla esan dute gaztetxetik, idazlearen jarrerarekin bat eginez.

Ipuin lehiaketa
Bestalde, Arrankudiaga eta Zolloko gazte asanbladak, euskararen eguna dela eta, 12 urtetik gorakoentzako ipuin lehiaketa bat antolatu du abenduan. Partaideek, antolakuntzak erraztutako helbide batera bidali beharko dituzte haien istorioak abenduaren 10a baino lehen, eta sariak Gabon-gaueko egunean banatuko dira. Baldintza bezala, antolakuntzak ipuin guztientzako hasiera finkatu du: “Gogoratzen naiz. Oroitzapen lanbroa izan arren, oraindik ere akorduan daukat. Haize-boladarekin batera etorri, eta haizea ez bezala nirekin geratu zen”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide