"Jendeak memoria berreskuratzea nahi dugu"

Julen Solaun Martinez 2019ko abe. 26a, 14:48

Txomin Egiluzek bere ikerketa plazaratuko du igandean. / Aiaraldea.eus

TXOMIN EGILUZek (Arrankudiaga, 1951) Arrankudiaga-Zolloko Santo Domingo ermitaren inguruko ikerketa bukatu berri du, udalerriko maparik zaharrena aurkitzera eraman du horrek, Andra Mariko elizan. Era berean, baselizaren inguruko beste hainbat datu eta konklusio plazaratuko ditu abenduaren 29an, igandea, 12:30etatik aurrera Elizatik apaiz etxera arte eskainiko duen bisita gidatuan.

Zer da egingo duzuena zehazki?

Hitzaldi eta paseoa egingo ditugu abenduaren 29an, igandean, jendeari azken aurkikuntzak erakusteko. Elizan hasiko gara eta apaiz etxera arte joango gara, Santo Domingo ermitako harria dagoen tokiraino, hain zuzen ere. Galdutako hainbat gauza berreskuratu ditugu, eta jendeak memoria berreskuratzea ere nahi dugu.

Elizako harriztatuan data bat idatzita zegoela ezaguna zen dagoeneko. 1782. urtea zegoen idatzita bertan. Harriztatu hori ikertu dugu eta hainbat kontu interesgarri aurkitu ditugu.

Horien artean, urte bereko Arrankudiagako mapa baten zirriborroa zegoen. Oso polita da. San Pedroren giltzetako marrazki batzuk ere aurkitu ditugu, baita letra batzuk ere, nahiz eta oraindik ez dakigun zer esanahi duten.

Hori ikertzen ari gara. Bizitzaren labirinto baten antzeko bat aurkitu dugu ere, harriekin eginda eta ondo markatuta dagoena.

Nolanahi ere, Arrankudiagako mapa da guretzat garrantzitsuena, Andra Mari elizan dagoena bi harri txiki gorrirekin. Batek Zollo seinalatzen du eta besteak Arrankudiaga.

Arakaldo ez da agertzen, garai hartan Arrankudiagarekin oso erlazio onik ez zuelako agian, ez dakit. Edonola ere, ederki dago definituta non dauden Alpitxu, Ganekogorta, Goikogane, Kamaraka... Arrankudiagako perimetro guztia.

Hori erakutsi nahi diogu herriari, memoria berreskuratzeko, jendeak ez zekielako horrelako gauzak zeudenik. Harriztatua da horren adibide: gainetik pasatzen ziren, baina inor ez zen konturatzen.

Aurkitutako beste afera garrantzitsua 1782koa ere, desagertutako Santo Domingo de la Calzadaren ermitaren ingurukoa izan da.

Garaian, seinaleztatzeko, harri bat eta gurutze bat jarri ohi zituzten. Duela hogei edo hogeita hamar urte biak desagertu ziren. Harria non zegoen ez genekien eta, gainera, urbanizazioak eta bideak eraiki ziren zonalde horretan. Herriko guztiek, gazteak barne, bazekiten han ermita bat egon zela, baina harria galduta zegoen.

Kontua da Arrankudiagako pertsona batek jaso zuela eta bere etxean gorde zuela, bere jabegoan. Egun batean esan zigun, berarekin hitz egiten geundela.

Beraz, harria berreskuratzera joan ginen, bere tokian jartzeko eta jendeak non zegoen jakiteko. Ermita hau garrantzitsua da gainera, urte luzez herriko eliza izan baitzen.

 

"Ermitako harria pertsona batek jaso zuen eta bere etxean gorde zuen, bere jabegoan"

 

Litekeena da ere Euskal Herria osoan, eta baliteke atzerrian ere, dagoen Santo Domingo de la Calzadako ermita bakarra izatea honakoa.

Errioxan, esaterako, badago izen bereko herri bat. Santu hau arkitektoa zen, bideak egiten zituen. Zergatik dago Arrankudiagan, orduan? Garaian, eklesiastikoki, Santo Domingo de la Calzadako parrokiaren barnean kokatzen zelako. Seguruenik horregatik egin zen ermita.

Arrankudiagako Las Dominicas komentuko harri bat ere berreskuratu dugu, nahiz eta ez den dagoeneko eraikuntzaren arrastorik geratzen. Jakina zen, Betunerreka izenagatik, komentu bat egon zela zonaldean. Goikoganetik Nerbioira doan erreka honen izena “beaten errekatik” dator.

Badakigu komentu horrek herriko erreka honi eman ziola izena. Komentuko harri bat berreskuratu dugu, arku gotiko bat duena. Non zegoen badakigu, eta beste datu batzuk berreskuratu ditugu. Hori da erakutsi nahi duguna.

Santo Domingo de la Calzadaren Euskal Herriko ermita bakarra dela esan duzu. Zer ezaugarri bereizgarri ditu beste batzuekin konparatuta?

Ez ditu. Ermita txiki bat da, 1673. urtekoa. Harrizkoa da, baina ez du tamaina oso handirik. Santuaren bustoa ere berreskuratu dugu.

Ermita honek ez zuen inolako ezaugarri bereizgarririk; bi alboko zituen eta parrokia funtzioak bete zituen denbora batez. Ez dugu eskalarik. Badakigu ermita existitzen zela liburu batzuetan bilduta dagoelako. Baina harria beste kontu bat da.

Nola aurkitu duzue harria?

Jendeari galdetzen ea harriaz gogoratzen ziren. Ermitaren inguruan ikertu nuen ere, ea handik zegoen, baina ez, han ez zegoen ezer. Ermitaren gurutzea galduta dago oraindik.

1990ko hamarkadan edo mende honen hasieran desagertu zen harria. Duela 15 edo 20 urte. Ermita garrantzitsua dela badakigu Madalenako ermitaren arrastoak hara bidali zirelako, baina hori beste gai bat da. Madalenako irudia eta beste gauza batzuk eraman zituzten hara.

 

"Kartografia zer den ez jakin arren, herriaren perimetroa era perfektuan dago eginda. Egilea artista zen"

 

Garaiko perspektiba batekin, zer nolako ondorioak atera daitezke?

Kontuan hartu behar da XVIII. mendekoa dela. Guretzat oso interesgarria da garai horretako pertsona batek Arrankudiagako mugak era perfektuan erakustea. Ez dakigu nork egin zuen, baina badakigu Ugaoko hargin bat izatea dela posibleena.

Mapa kolore gorriko teilekin markatuta dago, harri txiki batzuekin osatutako harriztatu baten gainean kokatuta daudenak, oso polita da.

Hori oso garrantzitsua da guretzat. Aintzat hartu behar da XVIII. mendera arte kartografia ez zela existitzen Euskal Herrian. Ia ez zegoen. Egia da, garairako, Tomas Lopezek Bizkaiko mapa egina zuela, non Arrankudiaga barne zegoen, baina hau oso ondo seinaleztatuta dago. Gako guztiak agertzen dira, Alpitxu, Belauteko zonaldea, Madalenakoa...

Gero, San Pedroren giltzak ere badaude harriztatuan. Kontuan hartu behar da loreak, marrazki geometrikoak, animaliak eta inguruko gauzak egiten zirela garaian. Mila gauza. Izen bat ere dago idatzita, baina ez dakigu zer esan nahi duen, termino eklesiastikoa da. Apurka garatzen joango garen hitza da.

Zergatik ez da orain arte aurkitu mapa hau?

Memoria galdu delako. Gauzak egiten direnean, ezagutzen dira, baina belaunaldiz belaunaldiko transmisio horretan galtzen dira.

Elizaren sarreran 1782ko data agertzen da, jendeak data hori ezagutzen zuen. Guk, data begiratuta, harriztatu osoa ikertu genuen, eta gauza gehiago zeudela ikusi genuen.

Hitz ezezagunak aurkitu dituzuela esan duzu, baita desagertutako objektuak ere badaudela oraindik. Zein izango da ondorengo pausoa, hitzen esanahia bilatzea ala objektu horiek aurkitzen saiatzea?

Ez dut uste hori garrantzitsua denik. Kontua da guk Arrankudiagako historia txikia apurka apurka joango garela ikertzen, kontatu dizudan komentuaren kasuaren antzera.

Auzokide batzuek esan ziguten haiek bazekitela momentu konkretu batean komentu bat egon zela han, zonalde horretan. Pertsona horiek esan ziguten ere etxe batean komentuaren harri bat zegoela, geratzen den bakarra.

Gero harri gehiago ikusi ditugu, baina ez dugu datarik edo informazio gehiagorik aurkitu. Komentu hori XVIII. mendean desagertu zen, eta mojak Kexaara mugitu ziren.

Komentu horren informazioa dugu auziak egon zirelako, moja bat jo zuten. Datu horiek emango ditugu, jendeak benetan jakiteko.

Lan honen aurretik Gerra Zibilean hil ziren Arrankudiagako pertsonen bilduma egin zenuten. Nola egiten duzu hain denbora salto handiak kudeatzeko?

Ez pentsa, kontua da hainbat gai ditugula irekita. Memoria historikoaren berreskurapena da horietako bat. Ermitaren kontu hau, berriz, elizaren sarreran data bat zegoela esan zigutenetik sortu zen.

Hara joan ginen eta egia zela ikusi genuen. Harriztatuan dago idatzita 1782. urtea harri txikiekin. Interesgarria zela ikusi genuen. Harriztatuaren beste parte guztiak begiratu genituen orduan.

Ez da Euskal Herriko harriztatu onenetarikoa, ez pentsa, nahiko normala da. Ez pentsa mirari bat denik, baina Arrankudiagarako garrantzitsua da. Letra batzuk daude, eta Arrankudiagako perimetroaren mapa zegoela ikusi genuen gerora.

Mapa egin zuen pertsona artista bat zen, herri baten perimetroa egitea oso zaila baita. Artelan bat da. Kartografia bat zer den ez jakinda, Zolloko eta Arrankudiagako perimetroa era perfektuan egin zuen. Zur eta lur geratu ginen, baliteke Arrankudiagako maparik zaharrena izatea. Agian ez da herriaren %100era helduko, baina jendeak jakitea nahiko genuke.

Galdutako beste hainbat gauzen inguruan hitz egin ahalko genuke ere, jentilarriari buruz, adibidez. Non dagoen ikusi genuen. Untzuetako gazteluaren kondairaren inguruan ere badago zer ikertu.

Memoria historikoaren gaiarekin gaude, baita lubakien kontuarekin ere. Ez pentsa gauza asko direnik. Arrankudiagak bere historia du, baina ez da oso garrantzitsua. Berdin gertatzen da Esparteroren edo Arakaldoren erreketaren inguruan idatzi genituen artikuluekin, edo Arrankudiagako gerrillarien ingurukoekin, frantziarren kontra hainbatetan borrokatu zutenak. Karlistaldien historiak ere badaude, edo Kukutzako batailakoak, adibidez. Horren inguruko hitzaldiak emango ditugu etorkizunean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide