Arrankudiaga eta Zolloko zaintza sarea alkateak koordinatuko du telefonoaren eta Whatsapparen bidez, EH Bilduk eta EAJk larrialdi bileran erabaki dutenaren arabera. Hortaz, errolda errepasatu zutela azaldu du tokiko erakundeak, “zaintza edo laguntza beharra izan dezaketen herritarrak zehazteko”. Dagoeneko guztiekin jarri dira telefonoz harremanetan. Hortaz, “izan dezaketen laguntza beharra definitu” eta gero, laguntza sareko boluntarioek bideratuko dute lana, “segurtasun neurri guztiak zehatz erabilita”.
Maider Biritxinaga zinegotziak azaldu duenez, bilera egiteko “poster bat” sortu zuten, bertan bi telefono zenbaki jarrita, bat udaletxekoa zelarik. Bilera burutu zen arte, iniziatibaren difusioa WhatsApp bidez egin zutela gehitu du, nahiz eta orain mezua “beste sare batzuetan” ere jartzen ari direla adierazi.
Horrez gain, zaintza sarea beharko duten biztanle potentzialak zehazteko, errolda arakatu eta kasurik larrienak zehaztu zituztela esan du zinegotziak: “Jende nagusia, bakarrik bizi den jendea -alargunak batez ere-, patologiak dituztenak, mugitzeko mugaketak dituztenak eta besteren bat”. Laguntza behar ez izatekotan, deitutako pertsonei informazioa ere eskaini diete udaletik.
Zaintza sareak “boluntario anitzak” dituela adierazita, Biritxinagak “lasai egoteko” eskatu die herritarrei, eta etxean ahalik eta gehien geratzea eskatu die. Laguntza behar edo informazioa nahi izatekotan, honako hauek dira erabili beharreko telefono zenbakiak: 946 481 712 edo 663 531 973.