Atzo Arrankudiaga-Zolloko bi herritarrek omendu zuten Angel Egaña Valladoliden. Herri bereko gudaria ekainaren 2an fusilatua izan zen, 1938. urtean. Gero hobi komun batean lurperatu zuten Emilio Pedrero sendagile anarkistarekin batera. Medikua ia hil arte torturatua izan zen eta gero, Egaña bezala, fusilatu zuten.
Omenaldia Valladolideko Carmen hilerrian bertan eraikitako memorialean egin zuten. Plaka batean jaso zituen Oroimen Historikoaren Aldeko Elkarteak hildako guztien izenak eta abizenak.
Angel Egaña ez zen izan herriko fusilatu bakarra, Gregorio Urkixu eta Ramon Azkue ere horrela akabatu zituen erregimen frankistak. Urkixu “separatista” izatea egotzita erail zuten Derioko hilerrian 1937ko abuztuaren 4an. Azkue, berriz, Santoñan exekutatu zuten 1937ko urriaren 15ean, Eusko Gudarosteen buruetako bat izatea egotzita. Horrez gain, Arrankudiaga-Zolloko jende gehiago hil zen altxamendu faxistaren aurkako borrokan.